PPri espetxe politika aldatzeko eskatu diote Logroñon bildutako eragileek

Otegiren egoera «bahiketa politikoa» dela ohartarazi du Amaiurreko Xabier Mikel Errekondok

Rafa Larreina, Jone Goirizelaia, Joan Tarda, Iñaki Antiguedad, Xabier Amuriza eta Martin Garitano, atzo, Logroñon. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Logroño
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bidegabekeria. Hitza ahoz aho ibili zen atzo Logroño kartzelaren aurrean. Arnaldo Otegiren atxiloketa, epaiketa, eta ezarri zioten hamar urteko zigorrarenitzala handia da abiatu den prozesuan. Otegik berak eta beste kide batzuek egoera aldatu zedin egindako ahaleginak nabarmendu nahi izan zituzten Logroñon bildutako lagunek. «Euskal Herriaren askatasun gogoekin eta bakegintza nahiz adiskidetze prozesuarekin engaiatuta gaude, eta Otegi bezalako pertsonak dira borondate horren branka», azpimarratu zuen Joan Tarda ERCko politikari katalanak.

Ekitaldian bildu zirenen arteko elkarrizketetan bolo-bolo ibili zen beste ideia bat bahiketarena izan zen. Otegiren eta Bateragune auzian harekin epaitu eta zigortu zituztenen aurkako mendeku politika. «Amaiurretik geure indar guztiarekin salatu behar dugu bahiketa politikoa dela. Esperantza garai hauek dira hainbat eta hainbat euskal herritarrek, Arnaldo bera barne, egin izan duten lanaren ondorio», Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatu eta Espainiako Kongresuko bozeramailearen hitzetan.

Euskal Herritik kanpo ere gatazkaren konponbiderako hartu den norabidea begirunez jarraitzen duten sektoreak ere badirela argi utzi nahi izan zuen Doris Benegas Izquierda Castellanako buruzagiak: «Jende askok Otegirenganako eta preso dauden pertsonenganako dugun elkartasuna irudikatu nahi genuen ekitaldi honetan». Benegasen aburuz, egungo egoera politikoak agerian uzten du Otegi «gatibu politiko» bihurtu dela. Espetxe politika eztabaida politikaren muinean egonda, gomendio jakin bat egin zion Mariano Raxoiren gobernuari: «Arnaldoren egoera aldatzea oso keinu adierazgarria litzateke».

PP, «bakartuta»

Errioxako goiz eguzkitsu baina hotzak utzitako argazkiarekin pozik agertu zen Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko ordezkaria: «Euskal Herriko gehiengo gero eta zabalagoa norabide batean doa konponbidea eskatzen, eta nazioarteko komunitatea ere ildo horretan doa». Frantzian ere euskal presoen hurbilketari buruzko urratsak egin diren bitartean, Espainiako Gobernuaren jokabideak zer pentsatu ematen dio, hala ere. «PPk duen jarrera mugigaitz horretan bakarrik eta bakartuta ikusten dugu, baina ez gara nekatuko aldaketa eragiteaz. Arnaldok eta beste kideek hori egin dute, eta dudarik ez dugu bide onetik goazela». Otegi eta Bateragune auzian kartzelatu zituzten beste lau lagunen lana gaur egungo egoerara iristeko «giltzarria» izan zela gogoratu zuen Ugarteburuk.

Esparru politikotik kanpoko jendearentzat ere, Otegiren aldeko ekitaldia egon beharreko lekua zen. «Ez du izenik Espainiak nolako jokabidea hartu duen haren aurka, eta oso tristea da egoera», azaldu zuen Joan Mari Irigoien idazleak, bilkuraren amaieran. Hori bai, aldarrikapenaren bidetik jarraitu beharrari buruz ez du zalantzarik. «Ea egunen batean lortzen dugun helburua».

Irigoienek azaldutako desio horiekin bat egin zuen Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakasleak: «Espero dezagun luze gabe Otegi bera eta beste hainbat ere kalean izango direla». Pentsamendu bera izan zuten Logroño piskana uzten ari ziren beste guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.