Joan den uztailaren 2an egin ziren Mexikon presidentea aukeratzeko bozak, eta PANeko Felipe Calderonen eta PRDko Manuel Lopez Obradorren arteko lehia oso estua izan zen: zenbaketak iraun zuen bitartean PRDko Lopez Obrador joan zen aurretik, baina azken unean, Calderonek aurrea hartu zion, oso alde txikiaz. Iruzurra izan zela salatu zuen segituan zentro-ezkerreko hautagaiak eta helegitea aurkeztu zuen. Boto guztiak berriro zenbatzea eskatu zuen.
Hauteskunde batzordeak, ordea, ez zuen boto guztiak berriro zenbatzeko eskaria onartu; mahai gutxi batzutakoak baino ez. Halaber, Hauteskunde Auzitegiaren esku utzi zituen 375 helegite onartu zituen.
Auzitegiak helegite horiei eman dien erantzuna jakin berri da, eta eskuineko PANeko hautagai Calderonen aldekoa izan da. Hau da, gune horietan berriro zenbaketa eginda Lopez Obradorren lehen baino boto gehiago dituela ebatzi du Auzitegiak, baina, hala ere, ez direla nahikoa Calderoni garaipena kentzeko.
Lopez Obradorrek eta haren jarratzaileek haserre hartu dute erabakia. Atzo gauean (bart goizaldea Euskal Herrian) hitzaldia egin du PRDko hautagaiak Mexiko Hiriko Zocalo plaza ezagunean, jendetza handiaren erdian, eta epaia ez dutela onartzen agertu du. “Epaileek erabaki politikoa hartu dute, ez juridikoa. Pribilejiatu talde bat dira epaileak, eskuin muturrekoak, eta ordena konstituzionala urratuzbenetako estatu kolpea eman dute”, salatu du Lopez Obradorrek.
Egoera horren aurrean ez direla egonean geratuko adierazi du Obradorrek, eta, besteak beste, irailaren 16an Nazio Batzar Demokratikoa egingo dutela iragarri du. Calderon presidentea eta haren gobernua ez onartzea,eta haren ordez “erresistentziako gobernu” bat eratzea aztertuko dute.
Mexiko
PRDk ez du Hauteskunde Auzitegiaren erabakia onartu, eta "erresistentziako gobernua" osa dezake
Mexikoko Hauteskunde Auzitegiak Felipe Calderon eskuineko PAN alderdkon hautagaiaren garaipena berretsi du presidentziarako hauteskundeetan. Zentro-ezkerreko PRDk, ordea, ez du erabakia onartu: epaileak "eskuin muturrekoak" direla eta epaia "politikoa" izan dela salatu du. "Erresistentziako gobernu" bat eratzea aztertzen ari dira, "lapurretari eta inposizioari" aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu