Prebenitzeko, eta ez larriagotzeko

Buruko gaitzei erreparatzen zaie lan osasunean, ahal bada arazo izan ez daitezen; eritasunen inguruko «estigma» zenbaitetan oztopo izaten dela aitortzen dute alorrean ari diren adituek.

arantxa iraola
2015eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Borondatezkoak izaten dira lan osasuneko medikuek enpresetan egiten dituzten azterketa medikoak, eta, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko Bizkaiko lurralde zentroko lantaldeko arduradun Iñaki Olaizolaren aburuz, «eragozpena» izaten da sarritan —buruko osasunaren arloan— gaixotasun horien inguruan dagoen ikuspegi ezkorra: «Estigma sozial handia dago oraindik». Ezinbestekoa iruditzen zaio, ordea, buruko gaitzen arloan ere gero eta finago jardutea. Bereziki, prebentzio moduan: «Langileen osasunaren zaintza pertsona osasuntsuentzat da, gaixotu ez daitezen». Alde horretatik, uste du oraindik ere lan handia egin behar dela lantokietako «arrisku faktoreak» taxuz identifikatze aldera. Halaber, gaixo dauden langileen alde ere egin behar da: «Lanak pertsona horien osasuna ez txartzea edo larriagotzea zaindu behar da, eta beste pertsona batzuek euren osasuna ez arriskuan ikustea».

Usuen atzematen dituzten arazoak hauek dira: laneko estresaren ondoriozko nahasmenduak, substantzien abusuagatiko nahasmenduak, laneko baldintzekin erreakzionatzen duten nahasmendu neurotikoak eta nahasmendu espezifikoak —estres postraumatikoaren sindromea edo antsietate orokorra, laneko jazarpenaren edo burnout sindromearen ondorio—. «Nahasmendu horiek laneko antolaketa baldintzekin lotzen dira. Espainiako Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutuaren lan baldintzen inguruko laugarren inkestaren arabera, langileen %24k gainkarga dute; %2k, laneko jazarpena, eta %4 indarkeriaren biktima dira», azaldu du Olaizolak.

Buruko gaitzen inguruko uste ilunei lotuta hainbat langilek «lana galtzeko beldurra» izan dezaketela aitortu arren, laneko osasunak asko lagun dezakeela pentsatzen du. «Gaixotasun psikiatrikoak ez dira inola ere arrisku erantsi bat pertsonen segurtasunerako; beraz, helburua ez da langile horiek bereiztea, lanpostua horien sentiberatasun berezira egokitzea baizik», nabarmendu du. «Buruko gaixotasun baten ondoriozko lanuzte baten ondoren, lanerako buelta da unerik garrantzitsuenetako bat. Askotan, itzulera horretarako protokolo bat ezarri beharko da: prestakuntza, laguntza, egokitzea...». Hor kolokan egon daiteke, zenbaitetan, langileen osasun datuen inguruko «konfidentzialtasuna». Olaizolak azaldu du datu horiek normalean osasun agintari eskumendunen eta langilea artatu duten profesionalen esku egoten direla: «Soil-soilik». Baina gaixoaldi baten ostean langile baten lanpostua «egokitu» behar bada, osasun zerbitzuek enpresari eta prebentzio arloko bertako arduradunei hainbat «aholku» eman behar izaten dizkiete usu, saihestu behar diren «arrisku faktoreen» berri emateko, bereziki. Gaixoaren onura da jomuga, betiere.

Oso zabalduta

Lanarekin lotutako buruko gaixotasunen inguruko «datu zehatz» gutxi daude. «Hala ere, esan dezakegu buruko patologia dela laneko osasun arazo nagusietako bat, nagusia hainbat lanetan», aitortu du Olaizolak. Europako Batzordearen buruko osasunari buruzko liburu berdea-n, esate baterako, esaten da buruko gaitzek Europako herritarren %27ri erasan diezaieketela: depresioak, fobiak eta nahasmendu somatikoak dira arazo ohikoenak. Hala ere, sarri ez daude ondo diagnostikatuta; OME Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, herrialde aberatsenetan ere, gaixo larrien %30-50ek ez dute tratamendurik jasotzen. Espainiako Gizarte Segurantzaren arabera, gaixoaldien kausen artean hirugarrena izaten dira buruko eritasunak; lanerako ezintasun iraunkor edo ezintasun luzeen artean, berriz, bigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.