Euskara

Prefetak auzitara eramanen du Beskoitze, eta Seaskak mobilizaziora joko du

Andre Durand Paueko prefetak auzitara eramanen du Beskoitzeko ikastolaren xedea, Falloux legea urratzen duelakoan. Egoera kritikoa dela erran du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak.

Indo eta Gorostiaga, gaurko agerraldian. AITOR RENTERIA
Aitor Renteria.
2014ko urtarrilaren 24a
13:13
Entzun

Seaskarekin dituen tirabirei aterabidea atzemateko aurki zirkular bat aurkeztuko duela jakinarazi du prefetak. Alta, legeak dioena betearaztea da zirkularraren funtzioa, eta, Indoren iritziz, ez du konpontzen ikastolen egoera. Prefetaren "jazarpenaren aurka" mobilizazioak bultzatzea eta tonua indartzea deliberatu dute ikastoletako buruek. Horrela, elkarretaratzera deitu dute, otsailaren 1erako; 16:00etan izanen da, Baionako Suprefeturaren aitzinean.

Aurelie Filippetti Frantziako Kultura ministroa Miarritzen izan da goizean Fiparen karietara. Indo eta Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria harekin bildu dira bost minutuz. Seaskaren egoera ezagutzen duela eta aterabide bat lantzen ari dela jakinarazi zien, zehaztapen gehiagorik eman gabe. Ondoren, hiru ordu laurdenez, kabineteburuarekin bildu da Seaska.

1850. urteko Falloux lege zaharra esku artean harturik, Paueko prefetak eta Baionako suprefetak blokeaturik dituzte Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolen proiektuak. Arberoako eta Lekorneko ikastola xedeak ere geldiarazirik dituzte. Lege horren arabera, ezin da diru publikorik baliatu eskola pribatu bat laguntzeko.

Abenduaren 28an, hiru milatik gora lagun elkartu ziren Baionan, Frantziako Gobernuaren aldetik ikastolek jasan erasoak salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.