Prefetak ikastolen aldeko herriak mehatxatu dituela salatu du Seaskak

Frantziako legea hertsiki hartuko duela dio prefetak; 'Falloux legea' saihestu nahi dutenak zigortuko ditu

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Philippe Rey Pirinio Atlantikoetako prefetak Seaskaren haserre gorria piztu du. Ikastolak lagundu nahi dituzten herriko etxeak mehatxatzea leporatu dio Seaskak prefetari. Eskola pribatuek jaso dezaketen laguntza publikoen araudia gogorarazi zien prefetak irailaren 7an Ipar Euskal Herriko hautetsi eta herriko etxeei. Berrikitan, Falloux legea saihesteko ausardia eskatu zien Seaskak hautetsiei. Prefetak berehala ihardetsi du, debekuen zerrenda luzea gogoratuta.

«Barne araua igorrita, hautetsiak eta herriko etxeak mehatxatu nahi izan ditu prefetak, legearen interpretazio hertsia egitera lerrokatu nahiz», azaldu du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Legearen interpretazio zurruna egitea leporatzen dio prefetari. Izan ere, Frantziako legeak arautzen du elkarte eta erakunde pribatuek jaso dezaketen diru publikoa.

Ordea, Seaskak interpretazio zabalagoa egiten du. Hizkuntza politikan belaunaldi gazteen euskalduntzea da lehentasuna, eta haurrak euskaldun egiten dituen eredu bakarra Seaska dela gogoratu du Indok. Horrez gain, Frantziako Konstituzioak ondare aitortza egiten dio euskarari. Indoren iritziz, bi arrazoi horiengatik argi dago Seaskak funtzio publiko bikoitza betetzen duela eta, ondorioz, laguntza publikoa hartzeko eskubide osoa duela. Prefetak ez du hori kontuan hartzen, eta egitura pribatuei dagokien legea inposatu nahi die.

«Prefetak argi erakutsi du zein den Errepublikaren jarrera hizkuntza gutxituekiko». Eraikuntza arloan eta ibilmoldean behar diren laguntzak ukatzea murgiltze ereduaren garapenari muga jartzea dela azaldu du Indok.

Euskaltzale anitzen uste ilunenak prefetaren jokabidean indarra hartzen dutela uste du Seaskak. EEP Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendaritzan dago estatua, eta, ondorioz, egitura bera eta azken urteotan abian ezarri duen hizkuntza politika, prefetaren idatziaren haritik, «lilura faltsua» eragiteko tresna baino ez dela pentsatzeko arrazoiak indartzen ditu, Indoren iritziz.

Mehatxuak gainditu

Tokiko hautetsienganako konfiantza berretsi du Seaskak. Seaskaren 40 urteko historia korapilatsua gogoraraziz, traba eta mehatxuak gainditzera deitu ditu hautetsiak. Ikastolen historian Reyren antzeko prefeta anitz egon direla nabarmendu du Seaskak. «Haiek joan dira, eta guk hemen segitzen dugu, sekula baino indartsuago lan egiten euskararen alde».

Ikastolen geroa eta garapena bermatze aldera, egoitza eta baliabide publikoak Seaskaren esku uztera deitu ditu auzapezak. Murgiltze eredua hautatu duten guraso guztiei eskaintza bermatzeko nahia berretsi du Seaskak, euskararen aldeko politika publikorik ez zegoenean eta egonik ere ikastolen garapenerako traba direlarik.Azkenik, hizkuntza gutxituen gaineko legea onartzera deitu ditu Frantziako diputatuak. «Lege horrek egungo araudiaren interpretazio okerra egitea saihestuko luke».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.