Ipar Euskal Herriko ikastolak

Prefetak konponbideren bat atzemateko borondatea adierazi dio Seaskari

Paueko prefetak Paxkal Indo eta Hur Gorostiaga hartu ditu Pauen, eta "gatazka bat bukatzen jakin" behar dela adierazi die. Bere funtzioa legea betearaztea dela gogorarazi du. Seaskak erran dio konponbide bat atzemateko bidea legea aldatzea dela. Prefeta gisa horretarako ahalmenik ez badu ere egunerokoan lege aldaketak "lana erraztuko" liokeela azaldu du.

Aitor Renteria.
2013ko otsailaren 4a
19:23
Entzun

Paxkal Indo Seaskako lehendakaria zuhurtziaz mintzatu da Paueko (Frantzia) bilkuratik atera ondoren. Haren arabera, Paueko prefetaren adierazpenak akordiorako gogoa adierazi du, baina baikortasunerako oinarririk eman gabe; izan ere, prefetak ezin du legea aldatu, betearazi baizik.

Paueko bilkura egin den tenore berean, 400en bat pertsona elkarretaratu dira Baionako Suprefeturaren aitzinean, Seaskaren aurkako erasoa salatzeko. Suprefetak duela pare bat aste esan zuen ikastolen gisako erakunde pribatuek legez ezin dutela diru laguntza publikorik jaso.

Seaska arratsaldean Colette Capdevielle diputatu sozialistarekin bilduko da, elkarrekin aztertzeko egin daitezkeen urratsak. Frantzian erreforma ugari daude abian; bertzeak bertze, hezkuntza arlokoa, lurralde antolaketa eta hizkuntza arloan aldaketak eragin ditzakeen Europako hizkuntza gutxituen ituna berresteko. 

Gauean, Indo eta Gorostiaga Seaskako ikastoletako lehendakarien batzordearekin batzartuko dira. Paueko bilkuraren bilduma helaraziko diete, eta batzordeak deliberatuko du mobilizazioekin segitzen duten ala ez.

Larunbatean, hiru mila lagun bildu ziren Hendaiako manifestazioan, ikastolentzako laguntza publikoak ez etetea eskatzeko. Eragileen sostengu handia jaso zuen Seaskak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.