ASTE NAGUSIA

Pregoilari jantzia erantzi du Iturregik, Artolarekiko elkartasunez

Jone Artola udaletxeko balkoian izan da Aste Nagusiko txupinazoan. Itziar Urtasun Festa zinegotziak bota du suziria. Artola kide den konpartsa Txori Barroteren kamiseta batekin agertu da, ez txupinera gisa. Bai Iturregi eta bai Artola kaleko jantzita zirela bota du txupinazoa Urtasunek, Marijaiari ongietorria eginez.

2013ko abuztuaren 17a
22:29
Entzun

Hasi da Bilboko Aste Nagusia. Azken egunetako eztabaidaren ostean, azken orduan lortu dute txupinazoaren inguruko akordioa: Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Festa zinegotziak bota du suziria, txupineraren ohiko arroparik gabe. Iraia Iturregi eta Jone Artola ere ondoan zituen Arriaga antzokiko balkoian: Iturregi pregoilari jantzita, kaleko Artola. Iturregik pregoia irakurri du, eta, horren ostean, pregoilariaren arropak erantzi eta, Artola bezala, kaleko jantzita geratu da, Urtasunek etxafuegoa jaurti bitartean. Hala eman diete ongietorria Marijaiari eta Bilboko Aste Nagusiari.

Keinu horrez gain, pregoian ere zorrotz izan da Iturregi azken egunetako eztabaidarekin. Tonu gogorrean mintzatu da. Baieztatu du "nazkatuta" dagoela Aste Nagusia zer den "ulertzen ez dutenekin", eta aldarrikatu du arrazagatik, ideologiagatik edo generoagatik inolako diskriminaziorik egin gabe ospatu behar direla festak. Iturregik azaldu du "azken astea oso gogorra" izan dela beretzat, "presio handikoa". Horrez gain, emakumeen kirolaren alde ere egin du, eta Athleticken aldeko oihu eta kantua abestuz amaitu du pregoia.

Urtasunek bota du txupinazoa

Txupinazoa baino ordu gutxi batzuk lehenago jakinarazi du Bilboko Udalak Urtasunek botako zuela. Konpartsek komunikatu bat idatzi dute, jendeari Arriaga plazara joan eta “txupinazoaz gozatzeko” deia eginez: “Herritarrei dei egiten diegu Arriaga plazara joan eta txupinazoaz gozatzeko, eta modu horretan 2013ko Aste Nagusiko txupinera eta pregoilaria babesteko”. Twitter bidez ere, mezu bera zabaldu dute:

Zapi urdina jartzeko esanez amaitu dute konpartsek komunikatua: “Abestiak esaten duen bezala, jarri zapi urdina, eta etorri gozatzera, beste Marijaia bat badator eta”. 

Udalak eta konpartsek bilera egin behar zuten gaur 12:00etan, eta Europapress eta Efe agentziek bilera egin dela baieztatu badute ere, Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak Twitterren jakinarazi duenez, bertan behera gelditu da.

Atzo arratsaldean beste bilera bat egin zuen Jai Batzorde mistoak, baina akordiorik gabe amaitu zen. Epailearen erabakia onartzearen alde egin zuen udalak, baina Konpartsek argi zuten 2013ko txupinera ofiziala Jone Artolak izan behar zuela.

Urkijoren nahierara

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak Jone Artola txupineraren izendapena bertan behera uzteko eskatu zuenean hasi zen dena. Urkijoren hitzetan, Artolak "legez kanpoko erakundeekin duen loturak" baliogabetu egiten du Bilboko Aste Nagusiko txupinera izateko aukera, eta ondorioz Espainiako Estatuaren abokatuari eskatu zion izendapena atzera botatzeko. Urkijok eskatu, eta Bilboko Administrazioarekiko Auzi Epaitegiak bertan behera utzi zuen Artolaren izendapena: behin-behinean lehenik, eta behin betiko gero. 

Bilboko konpartsek une oro defendatu dute Artolaren izendapena: eurentzat, Artola da 2013ko Bilboko Aste Nagusiko txupinera, eta azken egunotan errepikatu dute hark ez beste inork ezin duela txupinazoa jaurti.

Ez da Urkijok egin duen salaketa bakarra. Pablo Gorostiaga Laudioko pregoilari izatearen debekua Urkijoren eskaeraren ondorio izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.