Tipi-tapa, tipi-tapa, Correscales!» eta «Correscales, aurrera!» oihu artean eta ehunka pertsonaren babesarekin abiatu zen atzo iluntzean Correscales martxa, Bilboko Movistarren egoitzaren aurretik. Astelehenean iritsiko da Bartzelonara, Mobile World Congress ekitaldia hasiko den egun berean, «inposatu nahi diguten prekaritateari aurre egiteko». Movistarreko azpikontratek joan den urtean egin zuten hiru hilabeteko grebak sortu zizkien gastuak ordaintzeko eta antzeko borrokak aurrera eraman ahal izateko erresistentzia kutxa bat sortzeko antolatu dute korrikaldia. Horregatik, ibilbidearen 800 kilometroetan prekaritatearen aurkako aldarri hori eramango dute eskuz esku.
Movistarreko azpikontraten borroka izan da Correscalesen abiapuntua, eta martxa abiatu zenean ere eurak izan ziren lehen protagonistak. «Ekintza honekin kalean borroka egin genueneko hilabete horiek guztiak datozkit burura, eta aurrera egiteko indarra ematen dit», zioen atzo Jose Manuel Asensio Movistarreko azpikontrata bateko langileak. Indarra ematen zion, kolore guztietako eragile sozial, sindikatu eta alderdi politikoek bat egin zutelako hasierako ekitaldian. Eta kilometroz kilometro aniztasun hori irudikatuko du Correscalesek, hori ere badelako ekintzaren helburua, mugimendu sozial, sindikal eta alderdi politikoek helburu berarekin borroka egin dezaten. «Mugimendu ezberdinak elkartu gara hemen, denok helburu bakar batekin, kapitalismoari aurre egiteko», azaldu zuen Igor Mera antolatzaileak, korrikaldia abiatu aurreko ekitaldian.
Ekitaldi xumea
Xumea izan zen Correscales abiatu aurreko ekitaldia. Movistarreko langileek iazko greba irudikatzen duen eskailerak eskuan zituztela irakurri zuten komunikatua, eta horiekin egin zituzten martxaren lehen metroak. Telefono entzungailu urdin bat eskuan zutela aurreratu ziren Movistarreko bi langile, eta horrela abiatu zen lau egunez Bilbo eta Bartzelona arteko errepideak zeharkatuko dituen korrika prekarioa. Hasieran, ordea, apenas egin zuten korrika, eta Bilboko kaleetatik igarotzean manifestazio kutsua izan zuen. Lekukoa, hala ere, eskuz esku ibili zuten. Movistarreko langileen ondoren, sindikatuen txanda izan zen, mugimendu feministarena ostera, eta, horrela, eragile sozial ezberdinek hartu zuten entzungailu urdina: langabeek, ekologistek, ikasleek, etxeko langileek, internazionalistek eta okupazio mugimenduko kideek.
Bilboko kaleak gurutzatu ondoren, Gipuzkoa aldera egin zuen Correscalesek, «lanak banatu, ondasunak banatu!» eta antzeko oihu artean. Atzo gauean Basaurira (Bizkaia) iritsi ziren, eta orduan hasi ziren korrika. Horrela jarraituko dute gaur, Donostiara eta Iruñera iristeko. «Denetarik egin dugu: grebak, manifestazioak, okupazioak eta protestak. Gaur [atzo] korri egitea tokatzen zaigu, denok batera, gure aniztasunean», Meraren arabera. Elkartasunak 800 kilometro egingo ditu.
CORRESCALES
Prekaritatearen aurka, baita korrika ere
Hasi da Bilbon Correscales, prekaritatearen aurkako lasterketa, eta gaur Donostiatik eta Iruñetik igaroko da; astelehenean Bartzelonara iritsiko da. Bizi-baldintza duinak eskatzen dituzte korrikalariek. (bideoa: Raul Bogajo / Argazki Press). [Youtube]https://youtu.be/a1Yx3yQrTBY[/Youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu