"Leblanc-ek 1992 urtez geroztik ezagutzen gaitu eta badaki nor garen". Horiek dira Joseba Alvarez Batasuneko mahaikideak Leblanc-i erantzuteko erabili dituen hitzak. Frantziako Tourreko zuzendariak "Batasunak engainatu" egin duela adierazi zuen atzo, eta Leblanc-en erreakzioa "Espainiako eta Frantziako Gobernuen presiotik eratorri" dela azpimarratu.
Hala, bileran hartan adostutako akordioari eustea espero duela esan du Alvarezek, eta hitzarmen hori Espainiako Gobernuak "estatu kuestiotzak" hartu duela nabarmendu du. "1992 eta 1996an gauza bera egin genuen, eta ez dakit zergatik ezin daitekeen gauza bera egin aurten", esan du Alvarezek, "gure helburua Euskal Herriak bizi duen egoeraren berri ematea baita Tourrak eskaintzen dituen aukera mediatikoez baliatuz".
Euskal Herrian Euskaraz taldeko Gabi Basañezek Euskadi Irratian adierazi duenez, Leblanc-ekin lotutako hitzarmena betetzea espero dute.
Erreakzio ugari
Joseba Azkarraga Justizia Sailburuak, bestalde, Aznarren Gobernuak Frantziako Tourrean muturra sartzea "kontu larritzat" jo du. "Euskararen eta euskal kulturaren aurkako jarraipena Francoren garaietan amaitu zela uste nuen, baina antza denez garai bertsuetara iristen ari gara", nabarmendu du Azkarragak.
EAJko parlamentario Jose Antonio Rubalkabak Batasuna zoriondu du, "ideia on bat izan" dela esanez. "Euskarak Baionako etapan presentzia izatea garrantzitsua da, eta saiakera hori egin ez balute, ziurrenik, ez zen izango euskararik Tourrean", adierazi du.
Martin Aranburu EAko parlamentarioak "Madrili min ematen diona euskara Frantziako Tourrean promozionatzea" dela adierazi du. "Tourrean gertatutakoa Madril eramaten ari den estrategiaren baitan kokatzen da, ez baitute onartzen Baionan ere euskararen presentzia zinezkoa dela", esan du Aranburuk.
Antton Karrera EB-IUko parlamentarioak euskara Tourrean present egotea "berri ona" dela esan du, eta Leblanc-ekin akordioetara iritsi direnen gaindi, "herrien kulturekiko sentsibilizazioa" erakusten du jarrera horrek.
"Batasunarekin lortutako akordioa hautsi behar du Tourrak"
Espainiako Kultura ministro Pilar del Castillok Leblanc-ek Batasunarekin adostu duen akordioa "onartezina" dela adierazi du, eta "akordioa hautsi egin behar duela" gogorarazi dio. Angel Acebes Barne Ministroak Leblanc-ek "erreakzionatzea espero" duela adierazi du, "Batasuna erakunde hiltzailea baita eta Tourreko zuzendariari iruzur egin baitiote".
PSE-EEko parlamentario Rodolfo Aresek "hanka sartze larritzat" definitu du Tourreko zuzendaritza Batasunarekin akordioetara iritsi izana euskara aitzakitzat hartuta, eta "Batasunarekin lotutako akordioa bertan behera uzten duela argi eta garbi azaltzeko" eskatu dio Leblanc-i.
Euskara Tourrean
Presioen gainetik, Leblanc-ekin lotutako akordioari eustea espero dute EHEk eta Batasunak
Uztailaren 23an Baionara iritsiko den etapan euskararen presentzia bermatzeko Jean Marie Leblanc Tourreko zuzendariarekin Batasunak eta Euskal Herrian Euskarazek lotutako akordioa betetzea espero duela adierazi du Joseba Alvarezek SAko parlamentarioak. EHEko Gabi Basañezek Euskadi Irratian esan duenez, talde euskaltzaleak "akordioa betetzea" espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu