euskal presoak

Preso adina kateatu

Ernairen ekinbidez, 410 gazte lotu dira Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, preso eta iheslariak "deserritik etxera" ekartzearen alde. [YouTube]https://youtu.be/MHgrfcCLfHU[/YouTube]

Hodei Iruretagoiena
2015eko abenduaren 31
15:55
Entzun

Frantziako eta Espainiako espetxeetan dituzten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide adina gazte kateatu dira, aldi berean, Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, preso eta iheslari guztiak etxera ekartzeko aldarria kaleratzeko. Ernai gazte antolakundearen ekinbidez egin dute protesta, beste ehunka lagunen babesarekin. Eguerdian hasita, denera ia bost ordu iraun du Askatasun grina,deserritik etxera lelopean egindako ekintzak. «Espetxeetako ate horiek Euskal Herriak duen gatazka politikoaren adibiderik gordinetakoak dira», nabarmendu dute Ernaiko kideek ohar batean: «Guztiok dugu ateak irekitzeko giltza».

12:00 aldera hasi zuten ekintza Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako hiriburuetan. «Denak ala inor ez» dinamikako kamiseta urdinak zeramatzaten soinean gazteek, eta preso banaren argazkia gainean itsatsita. Polizia iritsitakoan, identifikazio lanak zailtzen ere saiatu ziren haietako hainbat.

Iruñean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan kateatu ziren 60 bat gazte. Hiru bat orduz aritu zen Espainiako Polizia haiek identifikatzen, eta 11 lagun polizia etxera eraman zituzten. Gasteizen ere 15:00 aldera bukatu zuten ekintza. Eusko Legebiltzarrean lotu ziren dozenaka gazte, eta askatu ondoren, hiru bat orduz eduki zituen Ertzaintzak atxikita, identifikatzeko. Babesa ematen ari zirenen artean zeuden, besteak beste, EH Bilduko legebiltzarkide Belen Arrondo eta Dani Maeztu.

Ia bi ordu gehiagoz luzatu zen Bilboko Areatzako zubian egindako ekintza. Udaltzain eta ertzainek zubiko zirkulazioa ere eten zuten, eta gutxienez hiru lagun eraman zituzten atxilotuta, kateatuta zeuden ehundik gora gaztetatik. Donostian, Kontxako hesian lotu ziren beste hainbeste pertsona. Ez zen poliziarik agertu, eta babesa ematera bildutakoen laguntzaz askatu zituzten kateak.

«Konpromisorako» deia

Kalean ez ezik, sare sozialetan ere lortu zuen oihartzuna Ernaiko kideen ekintzak. Espainian ere gehien aipatutakoen artean egon zen #DeserritikEtxera traola. «Denak etxean» behar dituztela aldarrikatu zuten gazte erakundeko kideek. «Egun, Frantzia, Espainia eta Portugalgo espetxeetako ateek gure herriaren iragana, oraina eta etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea oztopatzen jarraitzen dute», salatu zuten. «Urgentzia bereziz» aipatu zuten, gainera, gaitz larriak preso dituztenen egoera. «Espetxe politika honek ez dauka justizia helburu, mendekua baizik».

Egoera horretan, «konpromisoak» hartzera deitu zuten. «Batasunez, kanpotik eta barrutik, norabide berean bultzatu behar dugu». Gogora ekarri zuten «gatazka politikoaren erroan» dagoela «konponbiderako gakoa», eta «amnistia eta autodeterminazioa» aldarrikatu zituzten.

Gaur ere hainbat mobilizazio izango dira, herriz herri, preso eta iheslarien eskubideen alde.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.