Salhaketa elkartearen informazioaren arabera, preso bat hil zen joan den apirilaren 7an, Gasteizko Santiago erietxean. Elkarteak ezin izan du presoaren nortasuna egiaztatu, ezta heriotzaren nondik norakoak argitu ere, baina, antza denez, presoak istiluren bat izan zuen erizainekin eta, horren ondorioz, ertzainek «indarrez» esku hartu zuten. Presoak bihotzekoa izan zuen —Salhaketak ezin izan du zehaztu hura ertzainak esku hartzen ari ziren bitartean edo geroago gertatu ote zen—, eta hil egin zen, ospitalean egin behar zioten ebakuntza egin aurretik.
Salhaketak adierazi du «espetxe eta osasun erakundeetara» jo duela informazio eske, baina inon ez dietela argibiderik eman, Horregatik, erabaki dute gertatutakoaren berri ematea eta gizarteari laguntza eskatzea, «gertaera larri hau argitu ahal izateko».
Antza denez, presoak gaixotasun larri eta sendaezinak zituen, fisikoak zein psikikoak, eta, horren ondorioz, laster kaleratzekotan zegoen.