EUSKAL HERRIA

Preso bat hilda agertu da Zaballako espetxean

Elkarretaratzera deitu dute datorren astelehenerako. 2011n inauguratu zuten espetxea, eta guztira hiru preso azaldu dira bertan hilda.

2013ko martxoaren 5a
16:14
Entzun

Salhaketak jakinarazi duenez, preso bat hilda agertu zen atzo Zaballako kartzelan, Araban. Urte eta erdi igaro da espetxe hori zabaldu zutenetik, eta hirugarren presoa da bertan hilda agertu zena.

Gasteizkoa da presoa, Salhaketak adierazi duenez. Goizeko errepasoa egiterakoan topatu zuten hilik, eta espetxeko zuzendaritzak oraindik ez du argitu zer dela-eta hil den.

Datorren astelehenerako elkarretaratzera deitu du Salhaketak, eguerdirako. Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean egingo dute protesta, Zaballako presoen egoera salatzeko. Elkarteak kritikatu du hildako presoen heriotzak ez direla ikertu, eta erantzukizunak eskatu ditu, ohar baten bidez.

Salhaketak berak ohartarazi zuen Zaballako presoen egoeraz Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Moduluetan preso gehiegi dituztela eta horrek arduragabekeriak eta heriotzak eragiten dituela azaldu zuen elkarteak. Gainera, oroitarazi du lau urtean 35 direla modu ez-naturalean Hego Euskal Herriko espetxeetan hildako pertsonak edo Espainiako kartzeletan zendutako euskal herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.