Preso bat hilik aurkitu dute Basauriko espetxean

Ziegako komunean aurkitu dute, Salhaketa elkarteak jakinarazi duenez; bederatzi urte zeramatzan kartzelan

Erredakzioa
Bilbo
2012ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Basauriko espetxean (Bizkaia) hilda aurkitu dute 40 urte inguruko preso bat, presoaren beraren familiak jakinarazi duenez. 40 urte inguru zituen, emakumezkoa zen, eta bederatzi urte zeramatzan preso. Salhaketak zabaldu duenez, gutxi falta zuen zigorra bete eta kalera irteteko.

Hildakoa ziegako komunean atzeman zuten, urkatuta, martxoaren 14an. Presoaren senideek jakinarazi zioten Salhaketari zer gertatu zen, eta hark zabaldu du berria. Hain justu, ohartarazi du Espainiako Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak oraindik ez duela heriotzaren berri eman. 2006. urtetik orain artean, atzokoa zenbatu gabe, 26 pertsona hil dira Hego Euskal Herriko espetxeetan.

Basaurin gertatu berri den heriotza «iragarrita» zegoela ohartarazi du Salhaketak, eta abisua eman du: «Argi adierazi nahi dugu oraingo gobernuak proposatzen dituen zigorrak —esate baterako, bizi osorako espetxe zigorra ezartzea— onartzen baldin badira espetxeetako heriotzak ugaritu egingo direla. Masifikatzeak, itxaropena galtzeak eta gatazkak handitzeak enkistatu egingo dira Espainiako espetxe sisteman».

Ikerketa eske

Espetxe Zuzendaritzak kartzeletan gertatzen diren heriotzak isilarazten dituela ere adierazi du Salhaketak. «Kasu batzuetan, ez dira jakinarazten, eta, beste batzuetan, atzeratu egiten da haien berri ematea. Zer gertatzen da? Zergatik ezkutatzen dira heriotza horiek?». Beste heriotza batzuen aldean espetxeetan gertatzen direnak ez direla ikertzen salatu du elkarteak.

Salhaketak gogorarazi du espetxean dauden pertsonen ongizatea eta osasuna bermatu behar duela estatuak eta, beraz, heriotzen arduraren parte bat harena dela. «Egoera hau ez da onargarria; heriotza horietako gehienak saihestu egin daitezke, eta, horretarako, nahikoa da gaur egungo legedia betetzea».

Espetxeetan beste inor ez hiltzeko zenbait neurri hartzeko eskatu du Salhaketak: gaixotasun larriak dituztenak eta hilzorian daudenak aske uzteko; zigor kodea aldatzeko, zigorrak «beharrik gabe» luzatzen dituelakoan; espetxe bakoitzean dagoen preso kopurua espetxe horren tamainara egokitzea; inkomunikazio eta bakartze erregimenak ezabatzeko. Fiskaltzari, bestalde, kartzeletan gertatzen diren heriotza ez-naturalak ikertzeko ere eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.