Langraiz Okako espetxeko (Araba) preso bat hil zen abuztuaren 7an Gasteizko Txagorritxu ospitalean, espetxean hartutako kolpe baten ondorioz. Zendutako gizona Santurtzin (Bizkaia) jaio zen duela 40 urte, eta, behin-behineko autopsiaren arabera, garuneko hemorragia eta lepaorno bat apurtuta zuen. Zauri horiek heriotzaren zergatia izan zirela ondorioztatu du autopsiak.
Salhaketa presoen eskubideen aldeko elkarteak jakinarazi du zauriak abuztuaren 6an egin zituela, beste preso baten erasoa jaso ondoren lurrera erori eta kolpea hartuta. Beste presoak lepo inguruan ukabilkada eman ziola eta lurrera erori zenean garondoan kolpea hartu zuela uste du Salhaketak. Erorikoaren ondorioz Txagorritxuko ospitalera mugitu zuten, eta han ebakuntza egin zioten. Ordea, hurrengo egunean Gasteizko ospitalean hil zen.
Heriotza gaitzesteaz gain, ustez erasoa egin zuen gizonaren egoeraz ohartarazi du Salhaketak. Espetxetik jasotako informazioaren arabera, fisikoki zein psikikoki «egoera oso txarrean» dagoen pertsona da. «Argitu beharko litzateke nola den posible horren egoera txarrean dagoen pertsona bat espetxean egotea». Pertsona horrek sendabide espezializatua jaso beharko lukeela nabarmendu du, eta sendabide hori espetxetik kanpo eman beharko litzaiokeela gaineratu.
Bide batez, espetxeko zuzendaritzak emandako informazioa ere kritikatu du Salhaketak. Hedabide batek erasoa «drogekin lotutako eztabaida baten ondorioz» gertatu zela argitaratu du, eta hori gezurra dela nabarmendu du Salhaketak. Ezbeharra drogak behartutako eztabaida baten ondorioz gertatu zela esanez espetxeak bere burua zuritu nahi duela kritikatu du Salhaketak.
Hildako gizonak espetxean jaso zuen arretari buruzko informazioa eskatu du Salhaketak, gertatutakoaren berri informazio gehiago izateko. Gizonaren bizia bermatzeko behar bezain azkar jokatu al zen argitzea galdegin du.
Lau urtean, 30 heriotza
30 heriotza baino gehiago batzen ditu Salhaketak azken lau urteotan Euskal Herriko espetxeetan hildako presoak eta Euskal Herrian jaiotako presoen heriotzak zenbatuta. Abuztuaren 7an gertatutako heriotza «iragarritako heriotzen» ondorio bat dela gaineratu du. Espetxe barruko gertakizunen informazioa «estaltzea eta desitxuratzea» kezkagarria dela azpimarratu du Salhaketak, azken heriotza horren harira kaleratutako agiri baten bitartez. Espetxe barruan gertatutako heriotza guztiei buruzko informazioa eskatu du Salhaketak, hildako horien nortasuna eta heriotzaren benetako arrazoiak ezagutu ahal izateko.
Espetxe barruan dauden pertsonak estatuaren zaintzapean daudela gogorarazi, eta gaur egun dauden legeak errespetatuz gero aipatu heriotzak saihestea bazegoela zehaztu du. Heriotza gehiago egon ez daitezen orain arte egondakoak ikertzeko eskatu dio Espainiako Fiskaltzari, eta espetxe araudia aldatzeko eskatu du, presoen gizarteratzea erraztuko duten politiken alde eginez. Preso kopurua kartzelen edukierara egokitu, gaixo dauden pertsonak espetxetik atera eta inkomunikazio politikekin bukatzeko ere eskatu du Salhaketak.
Preso bat zendu da Langraizen, eraso batean min hartuta
Kide baten erasoa jaso ostean erori egin zela dio Salhaketak; hilaren 7an hil zen, garuneko odoljario baten eraginez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu