EUSKAL PRESOAK

Preso eta senideen «urte latza»

Euskal presoen eskubide murrizketa eta haien senideen egoera «gero eta okerragoa» dela gogoratu zuen atzo Etxerat elkarteak, eta, horren inguruan, «arduragabekeriak» utzi eta ekimen eraginkorrak bideratzeko exijitu zien erakundeei

Eider Goenaga Lizaso.
DONOSTIA
2004ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Urte latza». Horrela definitu zuen Etxerat-eko kide Saioa Agirrek 2003a. Presoak gero eta egoera okerragoan; 23 istripu; hiru hildako errepidean; bi lagun, istripua dela eta, «heriotzarekin borrokatu beharrean»; legez kanpoko praktikak legeztatuta; preso gaixoak; jipoiak; kanporaketak... Horiek guztiak jasotzen ditu Etxerat elkarteak atzo aurkeztutako 2003. urtearen balantzeak. Bestetik, horri guztiari gehitu behar zaio inoiz baino preso gehiago dagoela, eta inoiz baino sakabanatuago: 700 preso daude 80 espetxetan.

Gainera, Agirrek nabarmendu zuen, aurtengo urtearen hasierak ez duela aldaketarik iragartzen, kontrakoa baizik. Egin diren espetxe aldaketak presoak urruntzeko izan dira, behin-behinekoz aske zeuden hainbat preso espetxeratu dituzte, 92. artikuluarekin askatutako Manu Azkarate espetxeratu eta Alcalara urrundu dute... Etxerat-eko kideek arloz arlo azaldu zituzten iaz gertatutako eskubide urratzeak.

 

sakabanaketa





Heriotza zigorra: 23 istripu izan zituzten iaz euskal presoak bisitatzera joandako senideek, eta 100 lagun izan ziren istripu horietan inplikatuta. Istripu larrienak otsailean eta abenduan gertatu ziren: otsailean Juankar Balerdi presoaren ama eta anaia hil ziren ÐArgi Iturralde eta Iñaki BalerdiÐ eta aita oso larri zauritu zen; abenduan, Sara Fernandez iruindarra hil zen, eta autoan harekin zihoan Izaskun Urkijo hiltzeko zorian izan zen.

Odoluste ekonomikoa: «Espainiako eta Frantziako legediek jasotzen duten komunikazio eskubidea erabili ahal izateko, euskal presoen senide eta lagunek izugarrizko odoluste ekonomikoa pairatzen dute», salatu zuen Agirrek. Izan ere, familia bakoitzak, batez beste, 1.350,65 euro gastatzen ditu hilero bidaietan.

Urruntzeak:Iaz 438 espetxe aldaketa egin zituzten; horietatik 200 destino aldaketagatik. Destino aldaketen %70 baino gehiago presoak Euskal Herritik are urrunago eramateko izan ziren. «Galiziako, Andaluziako eta Parisko kartzelak euskal herritarrez beteta daude», esan zuen Agirrek. Espainiako Estatuan 655 kilometrora daude, batez beste, euskal presoak; Frantziako Estatuan, berriz, 853 kilometrora. «Zein da politika honen helburua, heriotza eta sufrimendua eragitea ez bada?», galdetu zuen Etxerat-eko kideak.

Euskal Herriko espetxeetan, 15 preso: Euskal preso politikoak Euskal Herriko espetxeetatik ateratzeko erabakia hartu du Espainiako Gobernuak, eta hori kopuruetan azaldu zuen Etxerat-ek. Egun, Langraizen sei preso politiko daude; Martutenen, zazpi, eta Iruñean, bi; Basaurin bakarra ere ez dago. «Euskal Preso Politikoen Kolektibo guztia kontuan hartuta, %2ra ere ez dira iristen Euskal Herrian dauden presoak».

Salaketa: Etxerat-ek honako irakurketa hau egin du sakabanaketa politikaren inguruan: «Urruntzeen bidez, euskal gizartearen eta euskal preso politikoen arteko zilborreste garen senide eta lagunok heriotza zigorrera eta odoluste ekonomikora kondenatzen gaituzte Espainiako eta Frantziako estatuek. Ez da zigor gehitu soil bat, gure elkartasuna eta babesa deuseztatzea helburu duen politika hilgarri maltzur bat baizik».

 

bakartzea







Bakartze moduluak: Etxerat-ek presoen «babes falta areagotzea» egotzi die Espainiako eta Frantziako gobernuei; «bakarrik sentiarazi nahi dituzte, pertsonak fisikoki eta psikikoki suntsitzeko eraiki zituzten bakartze moduluetan». Zigor ziegak euskal presoentzat «modulu arrunt» bilakatu dituztela dio Etxerat-ek, eta, egun, Espainiako Estatuaren menpeko espetxeetan dauden euskal presoen laurdenak modulu horietan daudela salatu du. Bestetik, erdiak 1. graduan daude; preso sozialen kasuan, 1. graduan %2 daude bakarrik.

'Mitard'-ean eta bakarrik: Frantziako Estatuko kartzeletan ere bakartzen dituzte euskal presoak, eta ez soilik zigor ziegetan (mitard) sartuz, baita espetxe askotan euskal preso bakarra edukiz ere. Muturrekoena Txuma Puy Lekunberriren kasua da. Puy Estrasburgora eraman zuten iaz; 1.300 kilometro baino gehiago egin behar dituzte hura bisitatzeko, eta bera da espetxe horretan dagoen euskal preso bakarra. Fresnesko eta Fleury-Merogisko espetxeetan protestak egiteagatik, presoak denbora luzez eduki zituzten iaz mitard-ean.

Zigorgabetasuna eta jipoiak: Psikologikoki suntsitzeko ez ezik, zigor ziegak eta bakartze moduluak presoak fisikoki suntsitzeko ere baliatzen dituztela salatu dute. Ildo horretan, funtzionarioek «zigorgabetasun osoarekin» jokatzen dutela eta bakartzeak aukera paregabea eskaintzen diela diote. Iaz ia 60 jipoi eta eraso pairatu zituzten euskal presoek, horietako gehienak bakartuta zeudela. Espetxe aldaketak ere baliatzen dituztela salatu du Etxerat-ek. Kasu bat aipatzekotan, bakartze moduluan zegoelarik 15 egunetan bi jipoi jasan zituen Bittor Goñiren kasua da aipatu behar.

Kanporaketak eta tortura arriskua: Frantziatik kanporatu eta Espainiako Poliziaren edo Guardia Zibilaren esku utzi ostean, hainbat eta hainbat presok salatu izan dituzte torturak. Hala, kanporatzeko arriskuan diren presoek gose greba luzeak egiten dituzte, arrisku hori ekidin nahian. Etxerat-ek salatu duenez, «Frantziako Estatuan betetako zigor berdinagatik Espainiako Estatuan berriro atxilotu eta espetxeratzea, mendeku eta gorroto politika gisa baino ezin da hartu».

 

OSASUN ESKUBIDEA







Preso gaixoak: «Mendekua eta gorrotoa» are nabarmenagoak dira, Etxerat-en ustez, preso gaixoen kasuan. 2002an Barandallaren kasua aipagarriaizan zen, iaz Jose Inazio Goikoetxea Fiti eta Koldo Kareaga izan ziren gaixotasun larriak izateagatik aske irtendako presoak. Bien kasuan, 92. artikulua aplikatuta aske utzi beharrean, artikulu hori aplikatzeari uko egin eta legeak jasotzen ez duen sistema aplikatu zieten. Behin-behinean aske utzi zituzten, osatzen direnean espetxera itzultzeko baldintzarekin.

Konfiantzazko medikurik ez: Sakabanaketaren eta euskal presoekin egiten dituzten bestelako eskubide murrizketen eraginez, ukatu egiten zaie tratamendu medikoa eta gaixotasunen jarraipena konfiantzazko mediku batekin egitea. «Gure senitartekoek dituzten gaixotasun larriak oso berandu diagnostikatzen dituzte, eta askotan kontraindikatutako tratamendua jasotzen dute. Borroka luze eta gogorren ondoren diagnosi egokia egitea lortzen denean, egindako kaltea gainditzea zaila izaten da».

 

Eskubiderik gabeko herritarrak







Legez kanpokoak, legezko: Herritar orok eta, legearen arabera, preso orok dituen eskubideek ez dute balio Euskal Preso Politikoen Kolektiboarentzat. Hala salatu du Etxerat-ek, eta «eskubiderik gabeko herritarrak» direla. Izan ere, legez kanpokoak diren jarduerak legezko egin dituztela diote presoen senide eta lagunek, «presoen izaera politikoa amaitu nahian»: «Bakartze moduluak modulu arrunt bilakatu dituzte, ekimenak egitea galarazi diete, urruntzearekin defentsa eskubidea urratu zaie, Euskal Herriko Unibertsitatean eta euskaraz ikasteko eskubidea ukatu zaie, lagunen bisitak gutxitu dizkiete, aurrez aurrekoak astegunetan jarri dizkiete, baldintzapean aske uztea sistematikoki ukatzen zaie...».

Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala: Horretan guztianEspainiako Auzitegi Nazionalean euskal presoez arduratzen den Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentral berriak egindako lana arbuiatu du Etxerat-ek. Orain arte egindako legez kanpoko eskubide urratze guztiei «babes juridikoa eta legezkotasuna» emateagatik.

Kriminalizazioa:2002an Juan Antonio Madariaga atxilotu zuten bezala, iaz Etxerat-eko beste bi kide atxiloarazi zituen Garzonek, Askatasunaren kontrako operazioaren barruan: Ixone Urzelai eta Iñaki Loizaga. Haiek aske uzteko eskatu eta presoekiko elkartasun erakundeen kriminalizazioa gaitzetsi zuten atzoko prentsaurrekoan.

 

Ardura politikoa







EAEko lehendakariari eta erakundeei:«Arduragabekeria politikoak amaitzeko» ordua dela diote Etxerat-eko kideek. «Lehendakariak eta erakundeak kudeatzen dituzten alderdi politikoek ez ikusiarena egiteari utzi, eta estatuen bortxakeria honi aurre egin behar diote. Hori ez da adierazpen huts batzuekin egiten; bada ordua gure senideen izaera politikoa suntsitzea helburu duten politika hauei aurre egingo dion plan bat aurkezteko!», esan zuten, eta «limosnak eta hitz hutsalak alde batera uzteko». Eragile politiko eta sozialei ere elkartasun deia egin zieten.

-

JULEN ATXURRA



 

Uko egin dio medikuak jarraipena egiteari





Otsailaren 2tik gose greban dago Julen Atxurra, eta haren egoeraren inguruan, larrialdi deia egin zuen atzo Etxerat taldeak. Atzo 38. eguna zuen gose greban, eta dagoeneko 23 kilotik gora galdu ditu. Edaten duen ura ere ez du onartzen eta bota egiten du; horrek oso ondorio larriak ekar ditzake. Halaber, atzo uko egin zion espetxeko medikuak bere jarraipena egiteari. Atxurrak jakinarazi du ez duela medikuaren bisitarik onartuko bere egoera aldatzen ez duten bitartean. Horregatik hasi zuen protesta.

Atxurra Rouenera eraman zuten, Euskal Herritik lehen zegoen baino urrunago eta, gainera, bakartu egin zuten. Lehengo egoerara itzuli arte, gose greba hasi zuen orduan, hau da, Euskal Herritik gertuago dagoen kartzela batean eta euskal preso gehiagorekin batera jarri arte.

-

Datua





21ean

Batu ditzagun indarrak lelopean, urtero legez, batzar nazionala egingo dute hilaren 21ean euskal preso eta errepresaliatu politikoen senideek, Tolosako Leidor aretoan. «Beste biderik ez dago», esan zuten atzoko agerraldian.



-

Datua





Beste istripu bat: Larunbatean izan zuten euskal presoen gertukoek azken istripua, Langraiztik bueltan. L.A. urduliztarrak bi saihets hautsi zituen, zaintiratua du orkatilan eta lepokoa behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.