Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen egoera eztabaidagai izan dute Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, EH Bilduren ekimenez. Koalizioak aurkeztutako proposamenak ez du aurrera egin, eta horren ordez EAJren osoko zuzenketaren bi puntu onartu dituzte jeltzaleen eta EH Bilduren botoekin. Horren arabera, Legebiltzarrak gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen egoeraren aurrean, Espainiako Gobernuari eskatu dio Espetxe araudiaren 104. artikulua modu “ez murriztailean” ezartzeko. Kartzela Erreglamenduaren 104. artikuluaren arabera, gaixoaldi larria duten edo gaixotasun sendaezinak dituzten presoei hirugarren gradua ezarri lekieke “arrazoi humanitarioengatik eta pertsonen duintasunagatik”, dagoeneko delitu gehiago egiteko zailtasuna dutelako eta haien arriskugarritasuna oso txikia litzatekeelako.
Halaber, Legebiltzarrak adierazi du Bake eta Bizikidetzarako lantaldean eztabaidatu behar direla espetxe politikaren inguruan adostu beharreko oinarrizko printzipioak, “egoera berrirako egokienak diren neurriak zehaztuz”.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du jeltzaleen zuzenketak ez duela gogobetetzen, baina presoen egoera larriak “erantzukizunez” jokatzea eskatzen duelako bozkatu dutela haren alde. PSEk, PPk eta UPDk, berriz, indarrean dagoen espetxe legedia defenditu dute, eta euskal presoei eskatu diete damua agertu eta biktimei barkamena eskatu diezaietela onurak jaso nahi badituzte.
Euskal presoak
Preso gaixoei baldintzapeko askatasuna modu "ez murriztailean" ezartzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak
Ganberak atzera bota du gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak aske uzteko EH Bilduk egindako eskaera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu