Foro Sozialeko eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) ordezkariak hizketan aritu dira Granadako espetxean, Espainiako Estatuaren espetxe politika aldatzeko egun zabalik dauden “aukerei” buruz eta, zehazki, “preso guztiek” egin dezaketen "gizarteratze plan bat" adostearen beharrari buruz. Foro Sozialeko Agus Hernanek azaldu duenez, “zehazten ari den bide orri horren karakterizazioari” ekarpenak egiteko nahia agertu dute EPPK-ko kideek.
Joan den urtarrilaren 6an, Guridirekin bilera egin zuen Hernanek, eta ondoren Foro Sozialeko kideak jakinarazi zuen presoen kolektiboa hasia zela legediaz baliatzeko eskaerak egiten, banan-banan. Halaber, haren esanetan, Olarrak adierazi zion EPPK prest zela ETAren biktimek pairatutako sufrimendua aitortzeko.
Asteartean, Foro Sozialak, Sarerekin eta Etxerat-ekin batera, azkenaldian instituzioekin, alderdiekin eta eragile sozialekin izandako harremanen balorazioa egingo du Bilbon, Bizkaiko Abokatuen Elkargoan.