Ateakireki.com atariak salatu duenez, ostiral gauean Eder Ariz preso ohiaren aurkako pintaketak agertu ziren Zizur Nagusian (Nafarroa), bere etxearen atarian. Zehazki, "Eder muerete" eta "Arriba España" margotu zuten, eta horrekin batera baita faxisten hainbat ikur ere.
Ariz iaz atera zen espetxetik, eta orduan ere antzeko gertakariak izan ziren atera eta berehala. Bai orduan baita oraingoan ere salaketa jarri du Zizur Nagusiko udaltzaingoan.
Ez da Nafarroan horrelako mehatxuak eta ikurrak agertzen diren lehen aldia.
Lehengo urteko azaroan Urbasako mendilerroan, Otsoportillon, 1936ko gerran fusilatutako gudarien alde dagoen oroigarria erabat margotua agertu zen, Espainiako banderaren koloreekin eta mehatxuzko mezu ugarirekin. Gora Espainia, sasikumeak, Zuen erruz negar egin zuten ama guztien partez eta Jada ez da bakerik izango, gerra galdu zenutelako esaldiak irakur zitezkeen.
2009an Falangeren izenean pintaketa eta mehatxu agertu ziren Iruñerriako hainbat taberna eta oroitarritan. Ezpala, Zurgai eta Ipar Gorri tabernetan Falangeak sinatutako mezu eta mehatxuak agertu ziren idatzita, eta apurtuta agertu ziren Ezkaba mendian 36ko gerran Francoren aurka aritutako lagunen omenez eraikitako mausoleoa eta Aitzoaingo hilerrian errepresio frankista jasandako lagunen omenez jarritako oroitarria. Urte hartan eraso ugari izan ziren Nafarroan.
Gisa honetako erasoak ez dira, ordea, herrialde horretara mugatzen, erasoak Euskal Herri osoan zehar agertu izan dira. Getxon, Arkaitz Goikoetxea presoaren gurasoen etxea erretzen saiatu ziren eta haren anaiaren aurkako mehatxuak agertu ziren idatzita. Bilbon, jaietako txupineraren argazkia eta bala bat zeraman gutun bat jaso zuten Bilboko Udalean. Usurbilen (Gipuzkoa) Aritxulegi mendian dagoen ANVko ekintzaileen aldeko oroitarriak behin baino gehiagotan erasotuak izan dira, 2009ko ekainean kalibre handiko balez josia agertu zen.