euskal herria

Preso politikoen nazioarteko egunaren harira, mahai inguru bat antolatu dute ostegunerako

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldeak egin du deialdia. 'Preso politikoen egoera eta gatazkaren konponbidea' izena izango du mahai inguruak; Bilboko Bizkaia Aretoan izango da, 18:00etan. 

2013ko apirilaren 15a
17:05
Entzun

EPPKren bitartekari taldeak gaur goizean Bilbon egindako agerraldian adierazi du "gatazka politiko bat dagoen unetik, preso politikoak" daudela. "Gu bitartekariak garenez, eta euskal preso politikoek euren burua politikotzat dutenez, guk ere politikotzat ditugu, eta uste dugu gatazka politiko baten ondorio direla", argitu dute.

Mundu osoan "milaka preso politiko" daudela gogorarazi dute: Saharan, Palestinan, Kolonbian, Kurdistanen, Irlandan... Osteguneko mahai inguruan, hain justu, munduko hainbat lekutako gatazken konponbideak izango dituzte hizpide. Parte hartzaileen artean izango dira Hahdan Didamiri (Palestina), Oier Gonzalez (Euskal Herria), Fayick Yagizai (Kurdistan) eta Javier Orozko (Kolonbia). Moderatzailea Txente Rekondo izango da. Eta, bideo bitartez, Seanna Walsh (Irlanda) eta Robert McBride (Hego Afrika) ere izango dira ekitaldian.

EPPKren bitartekari taldeko Gaizka Jareño, Mitxel Sarasketa, Egoitz Lopez de la Calle eta Aitziber Sagarminaga izan dira agerraldian. Nabarmendu dute mahai inguruko edukiak "aberasgarriak" izango direla Euskal Herrian "zabalik" dagoen prozesurako. Alderdi politiko eta sindikatuei horretan parte hartzeko deia egin dietela azaldu dute; oraindik ez dute erantzunik jaso.

Sortuko Iker Rodrigoren atxiloketaz galdetuta, ez dute iritzirik plazaratu nahi izan, euren egitekoa soilik EPPKren "bozeramaile" izatearena delako.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.