EUSKAL PRESOAK

Preso politikorik ez dagoela ebazteko eskatu dio PPk Eusko Legebiltzarrari

Legez besteko proposamen bat aurkeztu du PPk; uste du preso politikoak daudela esatea "gezurra eta legearen kontrakoa" dela eta "gizarte demokratikoa iraintzen" duela.

2013ko apirilaren 20a
20:59
Entzun

PPk "beharrezkotzat" jo du Eusko Legebiltzarrak adieraztea preso politikorik, eta legez besteko proposamen bat aurkeztu du horretarako. "Beharrezkoa da Eusko Legebiltzarrak irmo baztertzea Espainian preso politikoak daudela dioten adierazpenak, gezurrezkoak eta legearen kontrakoak izateaz gain, gizarte demokratikoa iraintzen dutelako".

PPko legebiltzarkide Borja Semperrek eman du ekimenaren berri, Efe agentziak zabaldu duenez. Semperrek esan du "ezinezkoa" dela Espainiako estatuan inor bere iritzi politiko eta ideologikoengatik atxilotzea.

Presoei preso politiko deitzearekin "tematzea" aurpegiratu dio Semperrek ezker abertzaleari, eta uste du "ehunka hilketa eta krimen justifikatzea eta larritasuna kentzea" dela asmoa.

Gainerako alderdiek osoko zuzenketak aurkeztu dizkiote PPren proposamenari. EAJk argudiatu du bizkidetzak "oinarrizko adostasunak" behar dituela eta horiek bake lantaldean landu behar direla. EH Bilduk, berriz, proposatu du Eusko Legebiltzarrak bere egitea Amnesty Internationalek preso politikoez egiten duen definizioa. Erakunde horren arabera, preso politikoa da "elementu politikoren bat duena, bere ekintzen motibazioa, ekintza bera edo autoritateen motibazioa, kasurako".

PSEk ere proposatu du ebaztea Espainiako estatuan preso politikorik ez dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.