Preso sartu dituzte Baionako autobus gidariaren ustezko erasotzaileak

Lau dira susmagarriak, eta horietako biri leporatzen diote autobus gidaria jo izana. Garun heriotza du 58 urteko biktimak. Ehunka lagunek haren omenezko martxa bat egin dute arratsaldean, Baionan.

Marc Marie Baionako prokuradorea, atzo arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko uztailaren 8a
12:54
Entzun

22 urte ditu susmagarrietako batek, eta 23 urte besteak; igande arratsean Baionako Chronoplus sareko autobus gidari bat jipoitzea leporatzen dieten. «Nahita eginiko giza hilketa» leporatuta preso sartu zituzten atzo arratsean. Haiekin zeuden beste bi pertsonak ere presondegian dira. Horietako bati «kriminal bat atxiloketatik babestea» eta «arriskuan den pertsona bat ez babestea» leporatzen diote; besteari «arriskuan den pertsona bat ez babestea».

Marc Marie Baionako prokuradoreak prentsaurrekoa egin zuen atzo arratsaldean, aferari buruzko azken berriak emateko. Kontatu duenaren arabera, 58 urteko autobus gidaria bere ibilgailutik jaitsi zen igande arratsaldean, pertsona talde bati maskara jar zezatela eskatzeko. Horren ondorioz, iskanbila sortu zen, eta bi pertsonak jipoia eman zioten. Konorterik gabe utzi zuten autobus gidaria, eta ihesi alde egin zuten. Biharamun goizean atxilotu zituzten, erasoa gertatu zen auzo berdineko etxebizitza batean. Bosgarren pertsona bat ere atxilotu zuten, adingabea, baina kargurik gabe libre utzi dute.

Autobus gidariak garun heriotza du; Baionako ospitalean dago. Gaur arratsaldean haren omenezko martxa bat egin dute erasoaren lekutik ospitaleraino, haren senideek eta lankideek antolatuta. Bere argazki bat eskuan senideek ireki dute martxa, txalo zaparrada artean. Baionako Herriko Etxeko eta Euskal Elkargoko hautetsiek inguratu dituzte. Ehunka lagun joan dira, atorra zuria jantzita. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria Chronoplus sareko langileekin bildu zen astelehenean. «Basakeria» ekintza gaitzetsi, eta zigorrik «gogorrenak» emateko eskatu zuen.

«Biziki haserre»

Astelehen goizetik geldirik dira Chronoplus sareko autobus ia guziak. Sindikatuek, lanetik erretiratzeko eskubidea erabilita, lanuztera deitu dute. «Biziki haserre gaude», adierazi du Laurent Weber Chronoplus enpresako CGT sindikatuko ordezkariak. «Badu hilabete batzuk zuzendaritzari erraten diogula segurtasun falta handia dugula, eta segurtasun gehiago behar dugula». Baina, haren hitzetan, orain arte entzungor egin diete. «Gure lankide bati eraso behar izan diote erreakzionatzera iristeko. Baina haren egoera ikusita, gure lankidea ez dugu berriz lehen bezala ikusiko».

Weberren hitzetan, azkenaldian autobusetako gidarienganako presioa emendatu da. «Ez dakit zer gertatzen den. Izan gazteak ala adinekoak, gureganako erasokortasuna emendatzen ari da», deitoratu du. Tranbusetan egoera are okerragoa dela dio, bidaiariak gibeleko atetik sartzen direlako. Halaber, koronabirusak sortutako krisiak ere egoera larritu duela dio.«Egoera berezia da; autobusera igo ahal izateko, maskara ematea baitezpadakoa da. Denek ez dute onartzen, eta tentsioak sor ditzake».

Langile guzien izenean, segurtasun gehiago eskatu du: ikuskatze eta kontrol gehiago, eta funtzionatzen duen irrati bat ukaitea. «Gaur egun, eremu anitzetan gure irratiak ez du funtzionatzen. Orduan, erabat bakarrik gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.