"EPPK-k partekatutako azken gogoetekin bat eginik, hitzetatik harago doan lan agenda aldarrikatzera etorri gara. Helburu batekin: preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herria erdietsiko duen bide orria zehaztu dezagun", aldarrikatu du Arantxa Garbayok, manifestazio bukaerako ekitaldian. "Ezker abertzaleak argi dauka: gatazkaren ondorioak behin betirako ixtea beharrezkoa dugu herri zein herritar gisa. Oraina eta etorkizun berria eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da sufrimendu eta heriotza iturri bden kartzela politika amaitzea", ohartarazi du.
Era berean, kalera irteteko deia egin dio euskal gizarteari. Aldarrikapena kalean "bizirik" mantentzea "ezinbestekoa" dela azpimarratu du. "Xantaia gisa egungo beraien legearen aplikaziorako baldintza eta posizionamendu politikoak eskatzen dituztenen aurrean tinko agertzeko ere dei egiten dugu". Orain presoak dinamikak antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia luzatu du.
Duela 24 urte euskal iheslariei babesa emateko Uruguain izandako mobilizazioak gogoratuz hasi dute mobilizazioa, Bilboko Plaza Eliptikoan. Zehatzago, gaurko egunez Poliziaren oldarraldi batean hildako Roberto Facal eta Fernando Morroni eta zauritutako uruguaitarrak izan dituzte gogoan. Handik Bilboko udaletxera abiatu dira, Bada garaia. Presoak kalera leloa zuen pankartaren atzetik. Presoak kaleratzearen eta aministiaren aldeko oihuak entzun dira ibilbidean. Lau presok espetxetik bidalitako gutunak irakurri dituzte bukaerako ekitaldian.