Osasungintzako ehundik gora profesionalek salatu dute euskal preso politikoek osasun arloanjasaten duten egoera «negargarria». Hargatik, espetxeratuen bizi-baldintzen inguruko kezka agertzeaz gain, dei egin diote gizarte osoari urtarrilaren 8an Bilboko kaleak salaketa eta eskaera irmoz betetzera.
Adituek salatu dute duela askotik debekatua dutela konfiantzako sendagile gisa preso eriak zuzenean artatzea. Mati Iturralde medikuaren hitzetan, kontsultak egitea ere ukatu diete. Hori dela eta —azaldu du—, presoak behartuta daude beren konfiantzako medikuaren bermerik gabe jasotzera tratamendua.
Gaixotasun larriak dituzten presoen egoera ere azaleratu dute. «Ez zaigu bidezkoa iruditzen osasun aldetik, minbiziak, buruko gaixotasun larriak... dituztenek, eta adinean oso aurreratuta dauden pertsonak espetxean edukitzea oraindik». Haatik, ez dute amore emango ezkutuan gorde nahi duten errealitatearen salaketan «egoerak guztiz zuzendu arte».
128 osasun aditu atxiki zaizkio Egin dezagun urratsa, eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira lemapean Bilbo zeharkatuko duen manifestazio deiari. Tartean daude mediku, psikologo, erizain, fisioterapeuta, botikari, podologo, albaitari, masajista eta sorosleak.
Espetxe-politika, erantzule
Osagileen iritziz, espetxe politikak «gogor» zigortzen du osasuna. «Masifikazioak eragindako laguntza eskasak, bakartze aldi luzeek, bizi guztiko zigorrek, espetxealdi urte luzeek eta adinaren batez bestekoaren igoera ikaragarriak egoera larritu du».
Era berean, gogoratu dute espetxeratze arinduaren zigorpean etxean dauden presoak etxean egon arren ez daudela gaixotasunei aurre egiteko baldintza egokietan.
«Urtero bezala». Hala sentitu eta adierazi dute ehunka osagilek presoen egoerarekiko kezka eta bidegabekeria urtero azaldu beharra. «Azken aldia izan dadila gure testigantza eta eskaerak plazaratu behar dituguna».
Presoak larri daudela iritzi diote osasun adituek
Osasun arloko 128 profesionalek diote eri larrien eta adin nagusiko presoen egoera kezkagarria dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu