«Presoak mehatxatzeari uzteko» esan dio Fernandez Diazek ETAri

Espainiako Gobernuak Gizarteratze Plana egina duela esan du Carlos Urkijok, «presoen esku dago»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
EPPKren agirian ez dagoela «ezer berririk» esan du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak, ukapenean sakontzeko: «Gobernuak ETArekin ez du negoziatu, ez da negoziatzen ari eta ez du negoziatuko, eta haren presoekin ere ez». Presoei «mehatxu egiteari uzteko» esateko zuzendu da ETArengana.

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok ere adierazpenaren inguruan esan du ez dela aldaketarik egon. «Erakunde terrorista desegiteko lanean» jarraitzearen aldeko apustua egin du, EPPKren urratsei garrantzia kentzen saiatuta: «Terroristek edo horiek babesten dituztenek egiten dutenak interes gutxiago du, segurtasun indarrek eta Justiziak erabateko desagerpena lortzeko egiten dutenak baino». Espainiako Gobernuak Gizarteratze Plana egina duela adierazi du; «presoen esku dago erakunde terroristatik aldentzea».

Antonio Basagoiti PPk EAEn duen presidentearen hitzetan, presoen adierazpenean garrantzitsuena da «alderdi demokratiko guztiek diotela testu hori ez dela ezer eta berriz diotela amnistiarik ez dela egongo».

Hain zuzen, horretan egin du indarra Patxi Lopez lehendakariak: «Ez da amnistiarik egongo, eta ordainsaririk ere ez gure askatasunagatik; ez autodeterminaziorik, ez ezer. Gizarteratzea ahalbidetzen duen legea beteko da».

Urkullurentzat, biktimismoa

Iñigo Urkullu EAJko buruaren hitzetan, adierazpena «ez da aurrerapausoa». Kezkatuta agertu da EPPKren «eszenifikazioarekin», presoak «aldarri politikoak egiteko kolektibo gisa aurkezten direlako; lorpen politikoetarako biktimismoa erabiltzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.