Koronabirusa

Presoak txertaketako lehentasunezko taldeetan sartzeko eskatu du Etxerat-ek

Espetxeetako baldintzek birusaren kutsakortasuna areagotzen dutela adierazi du elkarteak, eta, horregatik, presoak arrisku handiko parametroen barruan daudela.

Puerto III-ko espetxea. MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN
Maria Ortega Zubiate
2021eko martxoaren 24a
11:07
Entzun

COVID-19aren aurkako txertaketa plangintzan, presoak lehentasunezko taldeetan sartzeko eskatu du Etxerat-ek; arrisku handiko parametroen barruan daudela argudiatuta. Azaldu du espetxeetako baldintzek birusaren kutsakortasuna areagotzen dutela, eta txertaketa planaren barruan egoteak preso askoren osasun fisiko eta mentala hobetu dezakeela. Txertoez gain, presoen segurtasuna bermatuko duten higiene baliabideak ere areagotzeko eskatu du elkarteak; musukoak, esaterako.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak eta Espainiako eta Frantziako estatuetako Osasun Ministerioei egin die dei Etxerat-ek. «Minutu bat galdu gabe», preso guztientzat txertaketa plan eraginkorrak martxan jartzeko eskatu die. «Erabilera komuneko espazio oso itxiak partekatzen dituzte, eta horrek kutsatze faktoreak areagotzen ditu. Hala ere, neurri oso hertsatzaileak bakarrik aplikatu zaizkie, eta neurri horiek eragin handia izan dute presoen osasun mentalean eta fisikoan, eguneroko bizitzarako hertsapenei loturik doan zaurgarritasuna dela eta», adierazi du elkarteak komunikatuan. 

Gogorarazi die erakunde publikoek presoen osasunarekiko ardura dutela, eta hori bermatu behar dutela. Hori horrela, txertoez gain presoen bizi baldintzak eta segurtasuna hobetuko dituzten neurriak hartzeko ere eskatu dute, «hala nola kopuruz eta kalitatez egokiak diren musukoak eta beste osasun bitarteko batzuk banatzea». Bestalde, «preso adinduak eta gaixotasun larriak dituztenak askatzea» ere exijitu dute, nazioarteko erakundeek hori gomendatzen dutela adieraziz. 

Elkarteak salatu du Espainiako eta Frantziako Estatuek «espetxeetan espetxe gehiago eraiki» dituztela, COVID-19a dela eta: azaldu dute euskal presoen kasuan beraiei soilik ez, beren senideei ere eragin dietela ezarritako neurriek, bisitetarako bidaia luzeak egin behar izan baitituzte. Gehitu dute egitekoak ziren hurbiltzeak gelditu egin direla hainbat hilabetetan eta horrek senitartekoen eta euskal presoen «sufrikarioa eta ziurtasunik eza» handitu dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.