Donostiako Udalak 9.000 euroz lagundu nahi du bost euskal presoren inguruko dokumentala egiteko proiektua. Gaur zen onartzekoa diru laguntza, baina, forma akats baten ondorioz, datorren astera arte atzeratu egin dute erabakia.
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak ohartarazi du laguntza onartzekotan auzitara eramango duela Donostiako Udala. Urkijok ohar bidez adierazi duenez, presoen inguruko dokumentala diruz laguntzeak Terrorismoaren Biktimak Babesteko 29/2011 Legeko 61. artikulua apurtuko luke. Horren arabera, "estatuak ezin dezake parte hartu terrorismoaren biktimak gutxiesten dituzten ekitaldietan".
"Ez dugu onartuko diru publikoarekin terroristen izaera goraipatzea eta biktimak apaltzea", azaldu du Espainiako ordezkariak.