Barrura begiratzeko leihoak euskal presoei buruzko dokumentalak diru laguntzetan aurreikusitakoaren erdia jaso du dagoeneko, 40.000 eurotik 20.000 bilduak dituelako herritarren ekarpenei esker. Hala ere, proiektua aurrera ateratzeko babes ekonomikoa lortzeko kanpainarekin segitzen du.
BERRIA Taldeko langileek dokumentalari 300 euroko laguntza ematea erabaki dute, "filmaren egileek adierazpen eta sormen askatasunean jasan duten erasoagatik".
Espainiako Gobernuaren kanpaina bat dela medio, filmaren Zinez ekoiztetxeak lehengo astean uko egin zion Donostiako Udalaren bederatzi mila euroko laguntzari. Laguntza publiko oro baztertu duela zioen. Hain zuzen, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak astearen hasieran esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoia izan zitekeela udalaren laguntza —Bildu dago Donostiako udal gobernuan—.
Josu Martinezek, Eneko Olasagastik, Mireia Gabilondok, Enara Goikoetxeak eta Txaber Larreategik zuzendutako dokumentala da Barrutik begiratzeko leihoak. Bakoitzak preso bati buruzko istorioa kontatuko du. Jakina da preso horietako bat Mikel Albisu dela. BERRIAk dakienez, beste bat Irati Tobar da —hain justu, gaur utzi dute aske—. Beste hiruren izenak bihar ezagutaraziko dituzte, 12:30ean Donostiako Koldo MItxelena kulturunean egingo duten prentsaurrekoan.
Larunbat arratsaldean elkartasun ekitaldi bat izango da Donostian.
Dokumentala irailean estreinatzeko asmoa daukate.