Haserre, oso haserre agertu da EHUko errektore Iñaki Goirizelaia legebiltzarreko agerraldian. ETAko bost preso ohiri mesede egiteko espedienteak faltsutu izana leporatu diote PPk eta UPDk, eta baita gertatutakoari buruzko azalpenak eskatu ere. Goirizelaiak, ordea, gogorarazi die auzitegiek artxibatu egin dituztela orain arte aurkeztutako salaketa guztiak, eta errespeturik gabe aritzea leporatu die: "Zuk uste duzu serioa dela EHUko errektoreari esatea dakiena konta dezala, besterik gabe?. Ezin duzue halako salaketarik egin inolako frogarik aurkeztu gabe". Bide batez, nabarmendu du auzitegiek 500 presoren eskola dosierrak aztertu dituztela azken urteetan, eta ez dutela inoiz delitu zantzurik aurkitu.
PP eta UPDren galderei erantzun die Goirizelaiak esanez EHUk frogatu izan duela lehen ere salaketa horiek gezurrezkoak direla: "ikasle presoek besteen antzeko emaitzak lortzen dituzte, baina ikasgai gutxiagotan matrikulatzen dira, eta beraz denbora gehiago behar izaten dute titulua lortzeko". Bide batez, Goirizelaiak galdetu dio PPri ia Espainiako Barne ministroari azalpenak eskatuko dizkion; izan ere Coviteren arabera presoek nortasun agiriak ere faltsutu zituzten.
UPDko Gorka Maneirok erantzun dio EHUko errektoreari esanez irakasle batzuk "egia" kontatzeko prest daudela, baina zehaztasun gehiagorik eman gabe.
EAJko Leuixuri Arrizabalagak gogorarazi du EHUko hiru errektorek eman behar izan dituztela azalpenak ga honekin lotuta, nahiz eta justiziak orain arteko salaketa guztiak artxibatu.
EH Bilduk, berriz, gogor gaitzetsi du bi alderdien jarrera. Koalizioak iragarri du idatzi bat aurkeztuko duela EHUren "izen ona zikindu" izana gaitzesteko. "Lotsagarria da gertatzen ari dena", gaitzetsi du Xabier Isasi parlamentariak.
Coviteren salaketa
Covitek apirileak aurkeztutako salaketatik etorri da gaurko agerraldia. Orduan ETAko bost kide ohiri mesede egitea egotzi zion erakundeak EHUri, esanez dokumentazio faltsua aurkeztu zutela titulua lortu eta zigorra murrizteko.
Hain zuzen ere, beste sei preso ohiren aurkako salaketa aurkeztu du gaur goizean Covitek Auzitegi Nazionalean. Haren arabera, nortasun agiri faltsuak erabili eta unibertsitatean sartzeko derrigorrezko azterketak egin ez arren, guztiek lortu zuten titulua.