AAM beste hainbat eragilerekin batera Gernikako Akordioaren sinatzailea dela ekarri zuen gogora, ekitaldiaren amaieran eszenatokira igo zen ordezkariak. Hala, urratsak egiteko garaia dela azpimarratu zuen, eta zehaztu zuen sakabanaketa amaitzeko garaia dela, Espainiako eta Frantziako espetxeetan barreiatuta dauzkaten euskal presoek ere «prozesu demokratikoan» parte hartzeko aukera izan dezaten.
Sakabanaketa politikak 20 urte daramatzala indarrean ekarri dute gogora, eta garai hartan, EAJko kideen babesarekin jarri zutela politika hura indarrean. Hogei urte beranduago «sufrimendu politika» berarekin jarraitzen dutela salatu dute. Nolanahi ere, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa «suntsitzea» helburu zuen politika hark «porrot» egin duela azpimarratu zuen AAMko ordezkariak, eta hori, EPPK-k «urteetan erakutsi duen duintasunari» esker gertatu dela nabarmendu zien. Hala ere, gaur egun ere EPPK «zatitzeko» asmotan aritzea egotzi zioten Espainiako Gobernuari.
Preso baten egoera ziegan
Euskal presoak Euskal Herriraeskubide guztien jabe leloa idatzitako pankartari eusten Jon Bilbao Moro preso ohia, presoen senitarteko batzuk eta AAMko ordezkariak joan ziren. Haien atzean, beste hiru pankarta eraman zituzten, makilekin zutiturik: gaixo dauden presoak askatzeko eskatzen zuen aurrenak, bakartzea amaitzea galdegiten zuen bigarrenak eta «biziarteko zigorra» bukatu beharra exijitzen zuen hirugarrenak.
Haien atzean batu ziren manifestaziora joandako milaka lagunak, «presoak kalera amnistia osoa», «dispertsioa hiltzailea», «borroka da bide bakarra» eta antzeko leloak oihukatuz.
Manifestazioaren ondoren, Santa Maria plazan egindako ekitaldian preso baten egoera irudikatuz antzerkia egin zuen emakumezko batek. Bere ziegan zegoela Parot doktrina delakoa aplikatuko ziotela esanez gutuna jaso zuen aurrena. Minbizia zuen, eta alabak bidalitako eskutitza irakurtzean zituen sentimenduak irudikatu zituen. Azkenean, espetxea apurtu egin zuten, eta presoa kalera atera zen, alabarekin.