Sortuk agerraldia egin du gaur eguerdian, azken gertaeren inguruko balorazioa egiteko. Batetik, bat egin du Bruselan atzo aurkeztutako Arnaldo Otegi askatu; euskal presoak etxera adierazpenaren edukiekin. Eta, azaldu duenez, gaurko atxiloketek baieztatzen dute adierazpenaren "beharra eta garrantzia".
Salatu du espetxe politika "deliberatuki" okertzeaz gain PPk "jo puntuan" dituela euskal presoekiko sostengu politikoa, soziala, ekonomikoa zein osasun arlokoa. "Madrilek ez du jasaten euskal presoekiko elkartasuna". Atxiloketak zein testuingurutan egin diren ere gogoan izan du Sortuk. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Etxerat-i harrera egin berri dio; Etxerat-eko kideak orain gutxi izan dira europarlamentuan; eta atzo aurkeztu zuten nazioarteko hainbat pertsonak adierazpen bat euskal presoak askatzeko beharra dagoela nabarmenduz. Alderdiaren arabera, konponbide prozesua "lehertu" nahi du PPk.
Sorturen ustez, ordea, Espainiatik kanpo ez du inork babesten Espainiako Gobernuaren jarrera: "Sintzaileen mailak erakusten du euskal herritarrak ez gaudela bakarrik bakea eta demokrazia eskatzeko orduan". Are gehiago, Sortuk uste du adierazpen horrek ez duela posizio politiko bat edo bestestearen alde egiten, baizik eta " bakearen beharrean eta eskubideen errespetua" eskatzean oinarritzen da.
Aralarrek, Espainiako Gobernuaren estrategian kokatu ditu atxiloketak, "Euskal Herrian bakea eta desberdinen arteko elkarbizitza eraikitzeko lanean egiten den ahalegin eta aurrerapauso oro zapuzteko" estrategian. Dei berezia egin diote Eusko Jaurlaritzari eta hura zuzentzen duen EAJri: "Bazter dezala behingoz Madrilekin akordioak bilatzeko bidea, eta has dadila lanean euskal eragileekin".