euskal presoak

Presoen abokatuek salatu dute Konstituzionalak 'Parot doktrina' aztertzean arrazoi politikoak erabili dituela

Ebazpen guztiak jasotzean Europako auzitegira edo Nazio Batuen Erakundera joko dutela iragarri dute. Espainiako auzitegiak euskal presoen 25 babes helegite atzera bota ditu; hiru baino ez ditu onartu.

2012ko apirilaren 3a
14:05
Entzun

Euskal presoen hainbat abokatuk gaizki ikusi dute 197/2006 edo Parot doktrina ezarri dieten 25 euskal presoren babes helegite atzera bota izana Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta salatu dute honek arrazoi juridikoak ez, baizik eta politikoak erabili dituela. 

Konstituzionalak 31 helegiteri buruzko erabakia eman zuen ostegunean —28, euskal presoenak— , eta horietatik hiru baino ez zituen onartu. Hirurak euskal presoenak dira: Jose Ignacio Gaztañaga, Juan Mari Igarataundi eta Jose Mari Perez Txuri-renak —aske geratu dira—. Abokatuek esan dute kasu guztiak ere antzekoak direla, kartzela zigorra beteta dutelako, eta ez dute ulertzen hiru aske uztea eta besteak ez.

Oraindik ez dituzte ebazpen guztiak jaso, eta denak izatean Europako auzitegira edo Nazio Batuen Erakundera joko dutela iragarri dute.

Haien arabera, "aro politiko berriaren aurkako aurrez aurreko erasoa" da Konstituzionalaren erabakia, eta horren aurrean gizarteari "indar handiagoarekin" mobilizatzeko eskatu diote. Hain justu, Gernikako Akordioaren sinatzaileek apirilaren 14rako manifestazio nazionalera deitu zuten ostiralean, Konstituzionalak babestutako "mendeku eta salbuespen neurriaren" kontra egiteko.

Bilbon egin dute agerraldia presoen abokatuek. Han izan dira, besteak beste, Arantza Zulueta, Ainhoa Baglietto, Jon Enparantza eta Alfonso Zenon. Gaztañaga, Igarataundi eta Perez preso ohiak ere prentsaurrekoan izan dira.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.