euskal presoak

Presoen aldeko aldarrikapenei eusteko borondatea azaldu dute lau alkatek

Unai Iraola Alegiako alkateak, Aiora Perez de San Roman Oiartzungoak eta Oihane Zabaleta Urretxukoak udaletxeen fatxadatik presoen aldeko aldarriak kentzeko aginduaren aurka egin dute. Astigarragako Udalaren izenean ere mintzatu dira.

2013ko uztailaren 1a
13:52
Entzun

Donostiako Probintzia Auzitegiak udaletxeen fatxadatik Euskal presoak Euskal Herrira dioten banderak kentzeko agindu zien Alegia, Oiartzun, Urretxu eta Astigarragako udalei joan den larunbatean, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijoren eskariari men eginez. Hastapenetik aginduaren kontrako jarrera azaldu dute lau udalek: “Ez dugu bat egiten auzitegiaren erabakiarekin”.

Udalei “neutraltasun politikoa” urratu eta “ideologia zehatz baten alde” egitea egotzi diete. Haiek, ordea, aldarrikapenari eusteko “borondate politiko irmoa” adierazi dute. Jakinarazi dute herritarren “gehiengo zabal baten nahia” islatzen duela eta “demokratikoki” hartu den erabakia izan dela, horregatik daukate aldarrikapen hori udaletxeetako fatxadetan.

Gaineratu dute banderolak fatxadan egoteko erabakia osoko udalbatzarraren erabakia izan dela: “Udalak demokratikoki hartutako erabakiak dira kasu guztietan”.

Hiru adierazpen nagusiak

Lehenik eta behin, Urkijoren jarduna salatu, eta “mespretxutik konponbidearen aldeko jarrera” hartzeko eskatu diote: “Gobernu ordezkari gisa duen karguaz baliatzen ari da instituzioen autonomia zanpatzeko eta ukazioaren eta immobilismoaren aldarrikapena egiteko”.

Bigarrenik, hartutako erabakia argudiatu dute. Haien aburuz, banderekin, demokratikoki onartutako erabakia izanik, legedia betetzeko eskaria besterik ez dute egin. Izan ere, ez dute irizten erabaki horrek “neutraltasun politikoa” urratzen duenik.

Azkenik, “euskal presoei dagozkien eskubideen errespetuaren aldarrikapena” babesten jarraituko dutela azaldu dute: “Gure borondate politikoa irmoa da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.