EUSKAL PRESOAK

Presoen argazkiak jartzeagatik zigortutako pertsona bat absolbitu du Auzitegi Gorenak

Epaitegiak ebatzi du Aritz Arzallusen asmoa ez zela "terrorismoa goratzea", baizik eta "zilegi den modu batean" euskal presoak Euskal Herriratzeko eskaria adieraztea.

2013ko maiatzaren 13a
17:54
Entzun

Auzitegi Gorenak absolbitu egin du Aritz  Arzallus, eta ebatzi du euskal presoen argazkiak jarrita ez zuela "terrorismoa goratu". 2011n Azpeitiko jaietan Gotzon Aranburu presoaren argazki bat jarri zuela-eta, espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak Arzallusi. Ekintza horrekin, ordea, deliturik ez zuela egin uste du Auzitegi Gorenak, eta gaineratu du "zilegi den eskari bat" plazaratzeko asmoa baino ez zuela izan.

Fiskalak eskatu zuen urtebeteko espetxe zigorra bere horretan uzteko, eta defentsa abokatuak, berriz, argudiatu zuen Arzallusek ez zuela ETA goratzeko asmorik izan. "Ez zuen zentzu horretan inolako lelorik azaldu, soilik euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatu zuen".

Auzitegiak frogatutzat jo du, beraz, Arzallusek Aranbururen argazkia jarri zuela, baina ez du uste "ETAko kideak goratzea" izan zenik bere asmoa, ezta "biktimak iraintzea" ere. Aranbururen argazkiaren ondoan "Gotzon herrira!" jartzen zuelako, Auzitegi Gorenaren arabera, presoak "euren etxeetatik gertu dauden espetxeetara eramateko nahia" adierazi nahi izan zuten pankarta horren bitartez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.