Euskal presoak

Presoen egoera konpontzea presazkoa dela eta herri eta auzo guztietan mobilizatzera deitu du AAMk

Presoek eta euren senideek bizi duten egoera konpontzea presazkoa dela esan du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, eta datozen hilabetetarako mobilizazioak iragarri dituzte. Jose Mari Sagardui 'Gatza' eta Jon Agirre 'Elertxuri' udaberrian geratuko dira aske.

2011ko martxoaren 26a
12:57
Entzun

Jose Mari Sagardui Gatza eta Jon Agirre Elertxuri presoak 30 urte kartzelan egon ondoren aurki kalean izango direla baliatuz, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak euskal presoen alde mobilizatzera eta euren eskubideen alde presioa egitera deitu du gaur "herri eta auzo guztietan". Gasteizeko Foruen enparantzan agerraldia egin dute 200 lagun inguruk, tartean preso ohiak, abokatuak eta herritarrak, eta sakabanaketaren amaiera eskatu dute, zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak aske uzteko eskatzeaz gain. Eskakizun horiekin mobilizazioak izango direla iragarri du AAMk.

Presoek bizi duten egoera konpontzea presazko dela esan dute Tania Corral eta Josu Ormaetxeak, eta espetxeetako ateak irekitzeko eskatu diete Espainiako eta Frantziako gobernuei: "Oinarrizkoa da sakabanaketarekin amaitzea, euren zigorrak beteta dituztenak aske geratzea, gaixotasun larriak dituztenak aske geratzea eta behin betiko senideak bakean uztea", esan dute. Pauso horien ondoren, gatazka konpontzeko prozesuak preso eta errefuxiatu guztiak etxera itzultzea ekarri behar duela gaineratu dute. Bide batez, Gernikako Akordioa sinatu zuten alderdiek Euskal Herrian prozesu demokratikoa bultzatzeko konpromisoa hartu dutela gogorarazi dute, eta ez duela atzera bueltarik.

"Duintasuna galdu gabe"

 

AAMk gogoratu duenez, Sagardui eta Agirre udaberrian geratuko dira aske, "30 urte luze espetxean egon ondoren". Urte horietan "sakabanaketa politika krudelaren ondorioak" pairatu dituztela gaineratu dute. "Hala ere, duintasuna galdu gabe itzuliko dira euren herrietara", esan dute Corralek eta Ormaetxeak. "Euskal Herria Historian atal berriak idaztear da, eta horietako bat espetxeetako paretak apurtzen dituguneko egunekoa izango da". Amnistiaren Aldeko Mugimenduak babesa eskaini eta eskerrak eman dizkiete Sagarudiri, Agirreri eta euren senideei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.