Presoen egoera larriaz ohartarazteko itxialdi mugagabea hasi du Etxerat-ek Artzain Onean

Eragile politiko eta sozialei hara hurbiltzeko eta konpromisoak hartzeko deia egin diete. Egun, 710 euskal preso politiko daudela eta baldintza gogorretan dauzkatela agertu dute.

2007ko abenduaren 22a
18:36
Entzun
Euskal preso politikoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteko kideek itxialdia hasi dute Donostiako Artzain Onaren katedralean, presoen egoera larriaz ohartarazteko eta eragile politiko eta sozialei konpromisoak eskatzeko. Hain zuzen ere, hara hurbiltzeko gonbidapena egin diete eragileei, eta eurekin elkarrizketatu ondoren konpromisoak hartzekoa.

Komunikabideen aurrean egin duten agerraldian preso politikoak asko direla eta oso baldintza gogorretan dauzkatela adierazi dute Etxerat-eko kideek; areago, baldintza gogor horiek senide eta ingurukoei ere eragiten dietela. Datu zehatzak eman dituzte: 710 euskal preso politiko daude egun, eta horietatik 30 bakarrik daude Euskal Herrian.

Espainian, batez beste, Euskal Herritik 610 kilometrora dauzkate euskal presoak; Frantzian 800era. Ondorioz, senideek astero, batez beste, 1.400 kilometroko joan-etorria egin behar izaten dutela agertu dute.

Horrez gain, 170 presok dagoeneko kalean egon beharko lutekela salatu dute, zigorraren hiru laurdenak edo bi heren beteta dituztelako. Halaber, gaitx larriak dauzkaten presoak ere ez dituztela aske uzten nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.