«Presoen eskubideen alde lanean hasi behar dugu; hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da», adierazi zuen atzo Jone Goirizelaia Batasuneko kideak. Izan ere, Espainiako eta Frantziako agintariek orain arte urratutako eskubideak ez dituztela «euren kabuz» onartuko uste du; «mendeku politikarekin» jarraituko dutela. Beraz, «lan hori euskal gizarteak egin behar du», esan zuen. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzan hirukoa osatzen duten EAJk, EAk eta EBk zeresan handia dutela uste du Goirizelaiak. Hartara, «enplazamendu zuzena» egin zien hirurei: «Beti esaten dute presoen eskubideen alde daudela eta orain enplazamendu zehatza dute aurrean: Zer egiteko prest daude presoen eskubide politikoak onartuak izan daitezen?». Batasuna, ildo horretan «behar dena» egiteko prest dagoela berretsi zuen.
EPPKren borrokaldiaren harira, elkarretaratzea egin zuen Batasunak Basauriko espetxe aurrean, presoen aldarriei babesa emateko. «Presoak Euskal Herriratzearen alde eta haien bakartzearen aurka bildu gara», azaldu zuen. Aldarri horiek, baina, ez dira giza eskubideen aldeko eskaerak soilik; eskaera politikoak ere badira. Batasunekoak azaldu zuenez, sakabanaketa politikak presoen eta haien senideen oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, haien parte-hartze eskubidea ere zapaltzen du. Horixe da, hain zuzen, EPPK-k aldarrikatzen duena: batetik, euskal presoak gatazka politiko batek eragindako presoak izanik haien estatus politikoa onartu behar dela. Eta, bestetik, izaera politiko hori badute, Euskal Herrian gatazka gainditzeko abiatu daitekeen edozein prozesuetan parte hartzeko eskubidea dutela. Hartarako, ezinbestekoa da presoak Euskal Herrian egotea eta isolamendu politika alboratzea, Goirizelaiak azaldu zuenez. Horregatik, eta EPPK-ren aldarri horiekin bat eginez, elkarretaratzea egingo du Batasunak borrokaldiaren txanda aldaketa guztietan, espetxe kanpoetan.Atzo borroka eguna zela-eta, Iruñeako PSNren egoitza aurrean 80 lagun bildu ziren atzo; Bilboko Errekalde auzoan 40 eta Zestoan 25. Barañainen 50 lagun bildu ziren; txanda aldaketarekin batera, gauerdian etxafuegoak bota zituzten bart. Euskal Herriko herri askotan izan ziren atzo euskal presoen aldeko elkarretaratzeak.
EUSKAL PRESOAK
Presoen eskubideen alde egiteko eskatu dio Batasunak hirukoari
EPPK-ren protestaren txanda aldaketa egunean elkarretaratzea egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu