Herrira mugimenduak euskal preso politikoen eskubideen alde plazak betetzeko deialdia egin du biharko, eta Goazen Plazara ekimenaren bitartez, guztira 227 herri eta hiritan agerraldiak iragarri ditu. Deialdi guztiak ikusgai, hemen.
Herrira-ren ustez, "nabarmena da euskal gizartearen gehiengo zabalak bere egiten duela euskal preso politikoen oinarrizko giza eskubideen errespetatzeko eta kartzela politika bake prozesuaren premiei egokitzeko eskaria, eta gobernuengan jarriak direla begirada guztiak, pauso baikorrak eman ditzaten". Horixe erakusten du, elkartearen irudiko, bihar herriz herri egingo duten Goazen Plazara ekinaldiak jaso duen atxikimendu sortak.
Hain justu, euskal gizarteko hainbat esparrutako 160 lagunen atxikimenduak aurkeztu zituen Herrira-k atzo.
Olabarrieta, erietxean
Euskal presoen egoerak ez du onera egin, ordea. Herrira-k atzo jakinarazi zuen Txema Olabarrieta preso bilbotarra erietxera eraman zutela Caceres II espetxetik, peritonitis baten ondorioz. Erietxean ebakuntza egin zioten, eta han egongo da astebetez, osatzeko. Herrira-ren arabera, ondo dago presoa eta senideekin ere egon da.
Horrez gain, Herrira-k gogora ekarri du ere Naia Lacroix eta Zuhaitz Errasti presoek gose greban jarraitzen dutela. Gainera, egoera aldatzen ez bada, datorren astean egarri grebari ekiteko asmoa dute. Lacroix astelehenean hasi zen barauan, beste preso politikorik gabe bakartuta daukatela salatzeko, eta Errasti 16an hasi zen, ordura arte zigor ziegan eduki baitzuten.
Gainera, iturri horren arabera, Parot doktrina gisara ezagutzen den 197/2006 doktrina jarri diote Alberto Plaza Andonaga presoari. 2016an irten behar zuen arren, 2026an jarri diote kaleratze data.