Hatortxurock musika jaialdia egingo dute datorren larunbatean Atarrabian (Nafarroa), eta ekitaldiari begira euskal presoen eskubideen aldeko adierazpen bat izenpetu dute 40 musika taldek. Sinatzaileen artean daude Zea Mays, Fermin Muguruza, Kerobia, Bizardunak, Su Ta Gar, Betagarri, Oreka TX eta beste hainbat talde.
"Musika eta berau sortzen den errealitate soziala loturik daude nahitaez. Eta, jarduera artistiko guztien antzera, inguruan duenaren ispilua da. Ezinbestean, Euskal Herrian preso eta erbesteratu politikoak egoteak eragina izan du gure herriaren historian, eta hala islatu da bertako musikan eta kulturgintzan ere", dio adierazpenak. Musikariek oroitarazi dutenez azken hamarkadetan, "milaka pertsonek pairatu dute kartzelaren eta erbestearen sufrimendua", eta nabarmendu dute oinazea "olio-orbanaren gisa hedatu" dela: Euskal musikak ere, jakina, salaketaz eta elkartasunez jantzitako notak zabaldu ditu, haiek etxeratzeko eskaera gogoan beti".
Presoei eta haien gertukoei ezarritako neurriak "inspirazio iturri" izan dira kantari askorentzat. "Abesti horiek gure gizartearen argazkiak dira. Gure herriak bere-berea duen bertute baten fruitu dira, elkartasunarena, alegia", gaineratu dute.
Halaber, adierazi dute musikaren esparrutik eta kulturgintzatik "ekarpenak egiten" jarraituko dutela, "pentsatzen dugulako ahalegin guztiak beharrezkoak direla preso eta iheslari guztiak berriz etxean ikusteko eta hainbeste bidegabekeriaren amaiera lortzeko".