Jaietako egitarauaren arabera, astearteko 02:30erako txokolate jatea antolatu dute Arratiako herri horretako (Bizkaia) Jai Batzordeko txosnan, presoen eskubideen alde. Horrez gain, Urkijok ohartarazi du asteazkeneko 15:00etan bazkari bat egingo dutela presoen eskubideen alde, eta egun berean elkarretaratze bat 22:00etan, aldarri berarekin.
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkariak ekitaldi horien berri eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusi Juan Kalparsorori, eta Estatuaren abokatuari eskatu dio helegitea aurkez dezala horien kontra. Haren iritziz, deialdiek administrazio publikoak izan beharreko objektibotasun printzipioa urratzen dute, biktimak "umiliatzeaz" gain: "Zuzenbide estatuak ezin ditu jarrera iraingarri hauek saihestu". Ezker abertzalearen "dibertimendua terrorismoaren biktimak umiliatzea" dela gaineratu du.
Bilboko 6. Administrazio Epaitegiak aintzat hartu du Urkijoren eskaria, eta behin-behinean debekatu du txokolate jatea, Efe agentziak jakinarazi duenez. Udalak bertan behera utzi du ekitaldia, eta bertan behera utzi ditu asteazkeneko bazkarirako eta elkarretaratzerako baimenak.
Joan den ostiralean, Ibarrako jaietako txupinazoa bertan behera utzi zuten, Urkijoren ekimenez Gipuzkoako Auzitegiak hura debekatu ostean.
Efe agentziari eginiko adierazpenetan, Kalparsorok esan du "printzipioz" ekitaldi horiek ez diruditela "biktimekiko errespetuzkoak". Baieztatu du Urkijoren idatzia jaso duela, eta azaldu "patxadaz begiratuko" duela erabaki bat hartu aurretik.