Ezohiko irudia ikusi da gaur Zarauzko hondartzan. 338 eskuoihal huts hondarretan, eta ur bazterrean letra larriz idatzita hitz bakarra: Kalera. Ekimenaren helburua, berriz, euskal presoen eskubideak errespeta daitezela eskatzea. Eskuohial horietako bakoitzean preso batek egon behar lukeela irudikatu nahi izan dute horrela.
Aldarri hori buruan, Euskal Herrria zeharkatuko du Kalera Martxak. Oinez egingo dute zeharkaldia. Uztailaren 20an abiatuko dira Gernikatik (Bizkaia), eta, handik astebetera, hilaren 27an helduko dira Lakuntzara (Nafarroa). Zortzi etapa egingo dituzte denbora horretan, eta etapa bakoitzaren amaieran "jai giroa eta presoen eskubideen aldeko aldarria uztartuz, etapa amaiera bakoitzean hainbat kultur ekitaldi izango dira". Izena emateko "ohiko lekuetara" jotzeko eskatu dute.
Hona hemen zortzi etapak:
-Uztailak 20: Gernika, Busturia, Bermeo (15 km).
-Uztailak 21: Bermeo, Ea, Lekeitio (24 km).
-Uztailak 22: Lekeitio, Ondarroa (14 km).
-Uztailak 23: Ondarroa, Mutriku, Deba (11km).
-Uztailak 24: Deba, Zumaia, Getaria (24 km).
-Uztailak 25: Getaria, Zarautz, Hernani (13 km).
-Uztailak 26: Hernani, Anoeta, Ibarra (20 km).
-Uztailak 27: Ibarra, Etxarri Aranatz, Lakuntza (16 km).