Euskal preso politikoen egoera larria jasotzen duen dokumentu bat jarri dute Espainiako Gobernuaren esku, Gasteizko ordezkaritzan eskubideen urraketen gaineko datuak aurkeztuta. Han aurrean egin dute protesta, Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean.
PP alderdiak euskal herritar gehienen borondatea entzun behar duela uste du Herrira-k, eta maiatzaren 18an Euskal Herriko plaza guztietan elkartzeko egin duten deialdian parte hartzeko eskatu diote jendeari. «Gobernuaren jarrera itxia ulertezina» dela salatu du Herrira plataformak: «Egoera hau luzatzeak sufrimendua areagotzea besterik ez dakarrela pentsatzen dugu» Halaber, «salbuespen egoera gainditzeko garaia» dela uste du, «euskal jendartea entzuteko garaia».
Kataluniako alderdi politikoekin
Katalunian izango dira gaur Herrira-ko ordezkariak, Kataluniako Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi gehienetako kideekin. Etzi arte egingo dituzte bilerak, euskal presoen egoerari buruzko informazioa helarazteko asmoz. Giza eskubideen eta bakearen inguruan lanean diharduten erakundeekin ere egingo dituzte bilerak.