Presoen eta biktimen arteko elkarrizketak arriskuan daudela salatu du bi aldeen arteko elkarrizketak antolatzeaz arduratzen den bitartekaritza taldeak. Ohar bidez euren kezka adierazi dute elkarrizketek hartu duten norabidearekin, eta adierazi Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak bultzatutako Bergizarteratze Plan berriak negatiboki eragin dezakeela prozesuan.
Bitartekaritza taldeko Txema Urkijo, Jaime Arrese, Maixabel Lasa eta Xabier Etxebarriak eta, elkarrizketa horietan parte hartu duen biktima batek, Iñaki Garciak, sinatzen dute testua.
"Ez dugu ulertzen zergaitik aldatu duten hasiera batetik ondo funtzionatu duen metodoa eta gainera ez ditugu ezagutzen aldaketa horiek eragin dituzte arrazoiak", adierazi dute sinatzaileek.
PPren planaren arabera topaketa horiek biktimen eskariz egingo dira. Bultzatzaileen ustez hori lekuz kanpo dago, "teknikoki egile-biktima arteko bitartekaritzan lehendabiziko egilearekin egin behar da lan, eta hura prest dagoenean, prozesua biktimari ireki". Bultzatzaileek esan dute zalantzak dituztela bitartekariei emango zaien lekuaren inguruan ere eta bitartekariak kanpoan uztea "akats larria" litzatekeela ohartarazi dute.
Era berean, bilera hauek hartu duten oihartzun mediatikoa salatu dute sinatzaileek. "Gizarteak elkarrizketak egin direla jakitea positiboa da eta bakoitzaren esperientzia partekatzea baita ere, baina adostutako isilpekotasuna errespetatu behar da", azaldu dute. Bilera horiek "produkto mediatiko" bilakatzeak arrisku ugari dituela nabarmendu dute; "morboa gailendu daiteke, gizarte pedagogia beharrean".
Zuhurtasuna aldarrikatu dute, "badakigu zaila dela experientziak modu hezitzaile batean partekatzea eta era berean isiltasuna gordetzea". Horregatik informazioa hedabideei emateko orduan erantzunkizunez jokatzeko eskatu dute.
ETAren biktimen eta indarkeria baztertu duten presoen arteko elkarrizketak 2011n hasi ziren, gobernu sozialistak bultzatuta. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du. Denbora tarte horretan biktimen eta presoen arteko 11 topaketa antolatu dira, eta orain bitarteko bilera guztiak garrantzitsuak eta positiboak izan direla azpimarratu du bitartekaritza taldeak.
Iritzi ezberdina dute bihar Consuelo Ordoñez biktimak eta Valentin Lasarte presoak egingo duten bileraren gainean, "hortik ez da gauza onik aterako" esan dute. "Biktimak lau haizeetara zabaldu du ez duela prozesu horretan sinesten eta desegin nahi duela".