EUSKAL PRESOAK

"Presoen gizarteratzea eta integrazioa" arautzeko dekretu proiektu bat prest utziko du Jaurlaritzak

Espetxean daudenentzat nahiz preso ohientzat izango da egitasmoa, Jonan Fernandezek Donostian esan duenez. Aholkulari batzorde bat osatuko dute, preso bakoitzaren jarraipena egiteko; gizarteratzearen aldeko txostenean, "giza eskubideen iraganeko, oraingo eta etorkizuneko urraketa oro arbuiatzen" dutela egiaztatu beharko dute presoek.

Jonan Fernandez, Ana Agirre eta Monica Hernando Jaurlaritzako ordezkariak, gaur, Donostian. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
2016ko ekainaren 17a
11:30
Entzun

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiak Gizarteratzea eta justizia leheneratzailea hitzaldia eman du Donostian, Kursaalean, eta nabarmendu du "presoen gizarteratze eta berrintegrazio" politika arautu beharra dagoela. Hala, iragarri Jaurlaritzak EAEko legealdia amaitzerako dekretu proiektu bat eginda utziko duela. Hitzeman programaren esperientzia pilotuaren ondorio izango da asmoa.

Jaurlaritzak ez du espetxe eskumenik, baina Fernandezek dio egin ditzakeela ekinbide batzuk, hala ere. Hortik doa aipatutako. Egitasmoak kartzela aroa jasoko luke batetik, presoak onurak jaso ahal izateko froga gisa. Bestetik, kartzela ondorengo aroa ere jasoko du, presoa gizartean "berrintegratzeko", eta izaera asistentziala luke proiektuak aldi horretan.

Aholkulari batzorde bat osatuko dute, preso bakoitzari jarraipena egiteko. "Aholku batzorde batek lagunduko ditu terrorismo delituengatik kondenatuta dauden eta zigor legea errespetatuz bizitzeko asmoa eta gaitasuna egiaztatzeko aukera emango dien ibilbidea" egin nahi duten presoak. Batzorde hori arduratuko da prozesuaren segimenduaz, eta, dagokionean, aldeko edo aurkako gizarte pronostikoa emango du". Gizarteratzearen aldeko txostenean, egiaztatuta geratu beharko da programan parte hartzen ari denak "bakegintza eta bizikidetzarekin konpromisoa" hartu duela, eta "giza eskubideen iraganeko, oraingo eta etorkizuneko urraketa oro arbuiatzen" duela, "biktimei eragindako aitortza kritikoa" adierazteaz gain. Fernandezek aipatu du preso bakoitzak bestelako aipamenik ere egin dezakeela; kasurako, ETAren armagabetzearen, desegitearen edo desagerpenaren alde dagoela esanez.

Aholku batzordearen txostenean oinarrituta, irizpen bat helaraziko dio Jaurlaritzak Espainiako Estatuko espetxeko tratamendu batzarrari, baita espetxe zaintzako epaitegiari ere. Presoak txosten hori erabili ahal izango du, espetxe graduetan aurrera egiteko eskaerekin eta gizarteratzeko beste edozein neurri hartzeko eskaerarekin batera.

Laguntzei buruzko informazioa

Gizartean berriro integratzen laguntzeko programa garatuko du Jaurlaritzak, preso guztientzat. Horretarako, leihatila bakarra ezarriko du: "Zerbitzu horren bidez, edozein presok, preso ohik edo espetxetik ateratzeko bidean dagoen edozein pertsonak eskuratu ahal izango du informazioa Diru sarrerak Bermatzeko Errenta, etxebizitza zerbitzua, prestakuntza, osasun edo gizarte baliabideak lortzeko baldintzei buruz".

Jaurlaritzak azpimarratu du proiektua "giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen eta justizia leheneratzaileari loturiko Europako korrontearen arloan" kokatzen dela eta "espetxe eta gizarteratze politika, hain zuzen, bizikidetza politika izatea" dela EAEko gobernuaren xedea.

EHUko Uda Ikastaroen barruko hitzaldia izan da Fernandezek eman duena, Justizia leheneratzaile eta terapeutikoa jardunaldietakoa. Berrehunen bat lagun bildu dira. Bake eta Bizikidetza idazkari nagusiarekin batera, Jaurlaritzako Justizia sailburuorde Ana Agirre eta Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendari Monica Hernando egon dira mahaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.