Presoen irudiak kentzen segitzeagatik argibideak eskatuko dizkiote Aresi

Adierazpen askatasuna eta presoen eskubideen defentsa dagoen lekuan delitua ikustea egotzi diote Rodolfo Aresi

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Euskal presoen argazkiak erakustea, berez, ez da delitu, Espainiako Auzitegi Nazionalak ebatzi duenez. Txori Barroteko lau konpartsakide epaitu ostean eman du sententzia Auzitegi Nazionalak. Eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburuak gai horretan orain arteko politikari segituko diola berretsi du, «zero tolerantzia». Ezker abertzaleak, EAk eta Aralarrek argibideak eskatu dizkiote horregatik.

EAk galdera bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Auzitegi Nazionaleko sententziak Ertzaintzaren jokabidean aldaketarik eragingo duen jakiteko. Aresi galdetu dio zein irizpidetan oinarritzen den «zero tolerantzia» politikari eusteko EAEko Auzitegi Nagusiak zein Auzitegi Nazionalak bi sententziatan presoen argazkiak erakustea ez dela delitu ebatzi ostean. «Oso larria da Herrizaingo sailburuak presoen argazkiak kentzen segituko duela esaten jarraitzea, Justiziak hori ez dela delitua ebatzi arren». Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak aurkeztu du galdera Legebiltzarrean. «Aresek fiskal eta epaile lanak egin nahi ditu aldi berean, eta ez da ohartzen hori erregimen totalitarioetan baino ez dela gertatzen». Aresek delitua ikusten duen lekuan adierazpen askatasuna eta preso dauden pertsonen eskubideen defentsa baino ez dagoela gogorarazi du Agirrezabalak.

Ezker abertzaleak ere ildo beretik egin du, ohar batean. Gogora ekarri du irailaren 25ean Gernikan Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek Bake bidean, aterabide demokratikoen akordioa izenpetu zutela. Akordio horretan, euskal preso politikoen eskubideen defentsari dagozkionak ere jasota daude. Ezker abertzalearen iritziz, akordio horrek «normalizazio politiko eta demokratikorako oinarri izan behar duen gutxieneko demokratikoen agertoki bat eraikitzeko erreferentzia izan behar du». Horregatik, han izenpetutako oinarrien inguruan indarrak metatzen segitu behar dela uste du. Akordioak biltzen dituen printzipioen alde «uholde sozial bat» artikulatzera deitu du, «bereziki eta premiaz, euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta Espainiako Estatuak duen espetxe politika kriminalaren salaketan».

Getariako kasua

Adierazpen askatasuna urratzea egotzi dio Aralarrek ere Aresi. Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak premiazko agerraldia eskatu du Legebiltzarrean. «Aresek erakutsi du, beste behin ere, oinarrizko eskubideak eta adierazpen askatasuna zapaltzeko bidean ez duela mugarik, nahiz eta epaileek kontrakoa dioten».

Gipuzkoako Getariako Harralde tabernatik kartel batzuk kendu zituen herenegun Ertzaintzak. Horretarako «zein legetan oinarritu den» galdetuko dio Aresi. «Are gehiago, ezinbesteko deritzogu Aresek adierazpen askatasunari muga non jarri dion jakitea». Halako jarrerekin gizartearen gehiengoa eta Aralar bera ere aurrez aurre edukitzea baino ez duela lortuko ohartarazi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.