Frantziako espetxeetan dauzkaten 154 presoak eta Espainian dauzkaten 595ak bisitatzeko kilometro asko egin behar izaten dituzte. Etxerat-en datuen arabera, Frantziara joaten direnek batez beste 800 kilometro egiten dituzte astebururo, eta Espainiara joaten direnek 630. Horrek «odoluste ekonomiko itzela» dakar; zehazki, familiako eta hileko 2.000 euro. Urtean, denera 17.000.000 eurokoa da gastua, Etxerat-en esanetan. Gainera, iaz bisitara bidean 20 istripu izan ziren, eta 10 lagun zauritu ziren. Horrek presoen artean «ezinegona eta antsietatea» sortzen duela salatu du Etxerat-ek.
Azkenaldian «senideen kontrako presioa» areagotu egin dela ere salatu dute. Kontrol asko jartzen dizkietela, eta Puerto de Santa Mariara (Cadiz, Espainia) joaten den autobusari hiru gurpil zulatu zizkiotela ekarri dute gogora.
Presoak etxetik ehunka kilometrotara izateaz gain, egoera txarrean daudela ere salatu du Etxerat-ek. Presoen laurdenak arazo fisikoak dituztela diote, eta hamar gaixotasun larriak izan arren preso dauzkatela. Beste hiru, berriz, espetxe arinduarekin etxean daude. Salatu dutenez, haiek baldintza gogorrak dituzte, eta «inolaz ere ez dira aske».
Bestalde, «bizi osoko zigorra aplikatu dieten presoak» dagoeneko 28 direla azpimarratu dute. Horietako 14ri iaz aplikatu zieten Parot doktrina esaten dioten doktrina.
«Ez dute lortu suntsitzea»
Hala ere, «euskal presoak pertsona gisa suntsitzen saiatu diren arren ez dute lortu», Goienetxearen esanetan. «Maitasun eta elkartasunarekin ez dute amaituko», ohartarazi die estatuei.
Bozak bertan direnez, presoen oinarrizko eskubideen defentsan «adierazpen ponpoxoak utzi eta konpromiso zehatzak» hartzeko eskatu diete politikariei.
Presoak
15
Euskal Herriko espetxeetan. Iazko urtea amaitu zenean 764 euskal preso zeuden, eta horietako 15 besterik ez zituzten Euskal Herriko espetxeetan. 154 eduki zituzten Frantzian, eta 595 Espainian.Kostuak
2.000
Euroak familiako eta hileko. Espainiako kartzeletara bisitan joaten direnek 630 kilometro egiten dituzte batez beste, eta Frantziara joaten direnek 800. Familia bakoitzak hilero 2.000 euro xahutzen ditu bidaietan.Gaixoak
%25
Arazo fisikoak dituztenak. Iaz preso egon ziren euskal presoen lautik batek arazo fisikoak zituen. Haietako hamar preso dauzkate gaixotasun larri eta sendaezinekin, eta hiru etxean daude kartzela arinduarekin.Mitxel Sarasketa Euskal preso ohia
«Bakarrik ez egotea dagarrantzitsuena preso batentzat»
O. ElduaienHogei urte egin zituen preso Mitxel Sarasketak (1978tik 1998ra), eta denbora horretan 54 aldiz aldatu zuten espetxez. Era guztietako eskubide urraketak sufritzea tokatu zaio.
Hamar urte dira espetxetik atera zinenetik. Kanpotik begiratuta, asko aldatu al dira gauzak?
Zigorra luzatzea da nabarmenena. Parot doktrina deitzen diotena jarri dute indarrean, garai hartan espetxean sartu zituztenentzako; eta orain sartzen direnentzako ere 40 urteko espetxe zigorra jarri dute erredentziorik gabe. Bestalde, EHUn ikasketak egitea galarazi dute Espainiako kartzeletan -Frantziakoetan baimenduta daude-. Bizi baldintzei begiratuta, ni egon nintzen garaian jendea asko mugitzen zuten espetxez. Gaur egunean jendea nahiko gutxi mugitzen dute. Espetxe batean sartzen dute, eta hor egoten da hamar, hogei urte.
Zu zeu dispertsioaren maparen erakusle izan zinen, askotan aldatu zintuztelako espetxez. Etxerat-ek salatu du aldaketetan jipoiak izaten direla. Zein kalte gehiago dakartza espetxez espetxe ibiltzeak?
Nik hogei urte egin nituen preso. Esperientzia horretan, 54 aldiz aldatu ninduten espetxez. Niri ondo etorri zitzaizkidan aldaketak. Baina, espetxe aldaketak oso gogorrak dira. Tratu txarrez gain beste hainbat faktore daude. Nire garaian esaten ziguten poltsa bat bakarrik eraman genezakeela, beraz, beste gauza guztiak galdu egin daitezke, hondatu... Ezagutzen ez duzun toki batera sartzen zara, eta berriro hasi behar duzu. Familiakoek ere ohitura berriak hartu behar dituzte. Zurekin jolasten ari diren sentipen hori ere badaukazu. Baina, erregimen gogorretan zaudenean... pentsa hogei urte egiten dituzula modulutik irten barik. Ikuspegi horretatik esaten dut on egin zidala, baina aldaketak, benetan gogorrak dira. Hala ere, gogorra beti ez da txarrenaren sinonimoa.
Erregimen gogor horietan dago bakartzeena ere. Horrelakorik izan al zenuen zuk?
Niri askotan tokatu zait. Bakartzea bi zentzutan esaten da: bat da isolamendu moduluan egotea eta bestea da bakarrik egotea tokatzen zaizun moduluan, alegia preso politikorik gabe. Hori denborarekin oso gogorra da. Presoentzat garrantzitsuena bakarrik ez egotea da. Diferentzia nabarmena dago bakarrik edo beste batekin egotearen artean. Beste kontu bat da isolamendua. Isolamendua normalean zigorrarekin batera dator, eta beste neurri batzuk daude. Egoera gogorragoa da.
Asko salatzen ari da preso gaixoen egoera. Zu zeu gaixo zeundelako atera zinen espetxetik. Nola bizitzen da gaixotasuna kartzelan?
Nire gaixotasuna ez zen izan gaur egun daudenen bezain larria. Buruan odol isuri bat eduki nuen, eta bere larrian ondo atera nintzen. Isolamenduan nengoen Almerian, eta afaria banatzen ari zirenean lurrean aurkitu ninduten konorte barik. Zortea izan nuen, une horretan aurkitu nindutelako. Atera ninduten, eta ebakuntza egin zidaten. Ebakuntzaren ostean Basaurira ekarri ninduten, eta atake epileptiko fuerte bat eduki nuen. Erietxera eraman ninduten konorte barik. Lizarra-Garaziko akordioaren hasiera zen, eta ordu hartan ni nintzen kartzelan denbora gehien zeraman presoa. Epaileak diagnostikoa ezagutu aurretik hartu zuen ni kaleratzeko erabakia. Euskal preso politikoen kasuan gaixo daudenak askatzeko erabakia guztiz politikoa da. Gaur ni baino askoz egoera okerragoetan daude, eta ez dituzte askatzen. Jendea ez dago kartzelan egoteko moduan. Preso gaixoen kasua da presioa eta xantaia politikoa egiteko adibide argiena.
Frankismo garaitik inoizko preso kopururik handiena dago orain. Zerk eragin du hori?
Errepresioa gutxietsi egiten dugu. Ezker abertzaleak esaten du zapaltzen gaituzte baina zutik jarraituko dugu. Baina, Estatuak badaki errepresioak ondorio politikoa daukala. Alde horretatik luzatu dira kondenak. Gainera, zabaldu egin da presoen profila. Preso kopuruari kale borrokarekin lotutakoak, 18/98koak, Segikoak, AAMkoak eta abar kenduz gero, ez dakit zenbat geratuko diren. Eta torturapean egindako deklarazioen ondoriozko sumarioak deuseztatuko balira askoz ere gutxiago.