Presoen senideek jasaten dituzten "erasoak" gaitzetsi dituzte hainbat lagunek gaur arratsaldean Bilbon, eta bereziki aipatu dute Bixenta Solak, Igor Gonzalez Sola presoaren amak, jasan berri duena. Elkarteak azaldu berri duenez, Solak kolpe bat hartu zuen buruan semeari bisita egitera joan zenean, eta Badajozko espetxeko buruek ukatu egin zioten osasun laguntza; ondorioz, senideek eraman behar izan zuten erietxera.
Emakumeak oinez ibiltzeko arazoak dituenez, eta eskailerak igo beharrik ez izateko, espetxeko lurpeko korridore batean egiten dituzte bisitak. Bisitaren amaieran, ordea, Solak estropezu egin eta horma jo zuen buruarekin, eta zauria egin.
Etxerat-en arabera, Gonzalez ate-joka aritu zen 25 minutuz zaindariak heldu ziren arte, baina haiek ez zioten anbulantziari deitu nahi izan, ez eta medikuari ere, argudiaturik ezingo zela garaiz iritsi. Handik tarte batera, erizaina heldu zen, baina hark esan zuen berak ezin zuela behar bezala artatu. Egoera ikusita, Gonzalezek telefonoa erabiltzeko baimena eskatu zuen, anbulantziari deitzeko, baina ez zioten eman.