Eusko Legebiltzarrak ekainaren 13an eta Nafarroako Parlamentuak ekainaren 29an presoen urrunketaren aurka erdietsitako akordioak babestu dituzte, ohar batean, Hego Euskal Herriko sindikatu gehienek. Foro Sozialak egindako proposamenari erantzun diote ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek, eta euskal presoen urrunketa amaitzeko eskatu dute. Hiru puntu ditu sindikatuok kaleratu duten agiriak. Lehen puntuan, sindikatuek "desadostasuna" adierazi diete presoen urrunketa politikari eta "bakartze neurri salbuespenezkoei". Bigarren puntuan, sindikatuek beharrezkotzat jo dute kartzela politika berri bat, zeinetan presoak "errotze soziala eta familiarra duten tokietatik" gertu egongo diren eta "senideekiko harremana erraztuko" duen. Azken puntuan, berriz, sindikatuek ezinbestekotzat jo dute "bizikidetza politiketan" aurrera egitea, eta horretarako "egoki" deritzote hainbat printzipio ezartzeari: hala nola banakako neurriak ezartzea, gizatasuna eta eragindako kaltearen aitortza.
Foro Sozial Iraunkorrak oso egokitzat jo du sindikatuek hartu duten jarrera. Foro Sozialaren arabera, akordioak erakusten du "gehiengo politiko, sozial eta sindikalak" babestu egiten duela espetxe politika aro berrira egokitzeko eskaera.