Zoritxarreko zenbakia ez da 13, euskal presoentzat. Parisko auzitegiko hamalaugarren atalak -atal antiterroristak- hogei urte betetzen ditu aurten. Askatasunak atal horren desegitea eskatzeko kanpaina hasi du. Azken urte eta hilabeteetan terrorismoa-ren kontrako legeak gogortu ditu Frantziak, eta Askatasunaren iritziz giza eskubideak urratzen ditu.
Hamalaugarren atala 1986an sortu zuen Charles Pasqua Frantziako orduko Barne ministroak. Garai hartan Frantzian atentatu ugari gertatzen zen. Action Directe ezker muturreko erakunde armatuak atentatuak egiten zituen. Ekialde Erdiko erakunde armatuek hainbat pertsona hil zituzten. Horri buru egiteko asmoz sortu zuten auzitegi berezi hori. Baina euskaldunak eta korsikarrak izan ziren auzitegi horren ondorioak gehien jasan zituztenak. Orduz geroztik, atxilotzen zituzten ustezko ETAko edo IK-ko kideak Parisen sartzen zituzten preso, auzi guztia Parisen zentralizatua zelako.
Hamalaugarren atalean zentralizatzen dituzte instrukzio epaileak, fiskaltza, inkestaz arduratzen den Polizia Judiziala eta epaiketa egiten duten Korrekzio ganbera eta Assises-etako gorte berezia. «Sistema judizial horren akatsik handiena, organo judizialen independentzia edo autonomia eza eta erabakiak arbitrarioki hartzea da», Askatasunaren ustez. Epaileak agintzen du zein atxilotu, epaileak du inkesta egileen gaineko boterea. «Frantses estatuaren barnean botere handia duten eta hedabideetan izugarri aipatuak diren» epaileak direla gehitu du.
Hamalaugarren atalak «atxiloketa prebentiboak, espetxeratze automatikoak, oinarrizko frogen falta, instrukzio luzeegiak, errugabetasun presuntzioaren urraketa, defentsa eskubideen urraketa» egiten dituela dio Askatasunak.
PERBEN ETA SARKOZY. Hamalaugarren atalak gero eta baliabide gehiago ukan du, urtetik urtera. 2004an Dominique Perben Justizia ministroak egin zuen Perben II legeak kezka handia eragin zuen giza eskubideen aldeko taldeen eta abokatuen artean. Lege horrek defentsa trabatzen duela salatu zuten. Horrez gain, terrorismo kasuko delituak gogorkiago zigortzea eragin zuen lege horrek.
2006ko maiatzean jarri da indarrean Sarkozyren legea. Oraindik kezka gehiago eragin dio Askatasunari. Kondenak oraino luzeago izanen dira. Hots, gaizkile elkarteko kide izateagatik 20 urte arteko kartzela zigorra bil daiteke, orain arte 10 urtekoa zelarik. Gaizkile elkarteko buruzagi izateagatik, aldiz, 30 urteko espetxera kondenatua izateko arriskua dago. Perben II legeak 20 urteko kondena pentsatua zuen akusazio horrentzat. «Preso politikoak ahal bezainbat denboraz bahiturik atxiki nahi dituzte, Euskal Herria presionatzeko eta presoak xantaia politiko gisa erabiltzeko», dio Anais Funosas Askatasuneko bozeramaileak.
Funtsean, kondenen segimendua bera ere Parisko hamalaugarren atalean zentralizatu dute, Sarkozyren legearen ondorioz. Kondenen aplikapen epaile berezia izanen da terrorismo kasuentzat. Orain arte presoa zegoen espetxetik hurbileko auzitegiak segitzen zuen kasua. Terrorismo kasu guztiak Assises-etako gorte bereziak epaituko ditu, hemendik aitzina. Auzitegi horrek auzi kriminalak baizik ez zituen epaitzen orain arte. Orain, Korrekzio gorteak epaitzen zituen kasuak ere auzitegi berezi horrek hartuko ditu. Atxiloketa epea lau egunetik sei egunera luza daiteke. «Atxiloketa denbora luzatzen duten herrietan, aldi oro tratu txarrak eta tortura kasuak emendatzen dira», Anais Funosasen arabera. Horrez gain, etxe miaketak gauaz eta lekukorik gabe ere egin ahal izanen dituzte.
Nahiz eta lege gogortze horien oinarrian «islamisten mehatxuari» buru egiteko helburua izan, ondorioak euskaldunek jasaten dituztela azpimarratu du Anais Funosasek. «Ikusten da legedi hori guztia euskaldunei begira egina dela». «Frantziak nola erran dezake ez duela deus ikustekorik euskal gatazkarekin, aldi berean errepresioa handitzen duen bitartean?», galdetu du Jean-François Lefort Askatasuneko arduradunak. «Ez du elkarrizketetan parte hartu nahi. Konfrontazioa prestatu nahi du».
ZENBAKIA
22
Auziak. Hogeita bi euskaldun epaituko dituzte ondoko hilabeteetan, Parisen. Azaroaren 17tik 30era, 13 lagun epaituko dituzte, Assises-etako gortean.
Manifestazioak. Bihar Filipe Bidart-en askatasuna ukatzearen kontra protestatzeko manifestazioa izanen da 17:00etan, Baionan.
Azaroaren 11. 14. atalaren desegitea eskatzeko manifestaziora deitu du Askatasunak, Doninabe Lohizunen.
UNAI ERREA Abokatua
«Ez gaituzte uzten presoen defentsa behar bezala egiten»
Unai Errea abokatuak zortzi hilabete iragan zituen preso iaz. Preso baten defentsa egiten ari zela, Le Vert epailearen bulegotik ateratzean atxilotu zuten. Abenduaren 4tik 6ra epaituko dute Parisen, Itziar Larraz abokatuarekin eta Ainhoa Mujika, Aintzane Orkolaga, Lorentxa Beirie eta Josetxo Otegi presoekin batera.
Zein dira defentsa egiterako jasaten dituzuen trabak?
Epaileek oztopoak ezartzen dizkiete presoei nahi duten abokatua hautatu ahal izateko. Frantses abokatu bulegoetan izena emana ez dugun abokatuok ez gaituzte erraz onartzen. Instrukzio epailearen aurreko elkarrizketa epaileak gidatzen du, eta ez gaituzte ia hitz egiten uzten. Trabak ezartzen dizkigute dosierra irakurtzeko eta instrukzioko objektuak ikusteko. Presoei ezin diegu defentsa egoki bat egin.
Edozein akusatuk bere burua defenditzeko eskubidea behar du, zuzenbide estatu batean. Zuek jasaten duzuen egoera onartzen du Europako giza eskubideen batzordeak?
Ez du onartzen, ez. Eta ez gara egoera hori salatzen dugun bakarrak. Perben II legea indarrean ezarri zutenean, Frantzia osoko abokatuen kolektiboak lege horren aurka oldartu ziren.
Zu preso sartu zintuzten, presoen defentsa egiten ari zinela. Nola pasatu zen atxiloketa?
Auzitegian atxilotu ninduten. Ez nuen tratu txarrik jasan, baina presio handia, bai. Askatu ahal izateko sekulako baldintzak ezartzen zizkidaten, adibidez, abokatu lana uztea.
Zertan da, gaur egun, zure egoera?
Ez ditzaket ikusi nirekin batera epaituko dituzten lau presoak.
Abokatu lanetan jarrai dezakezu?
Bai, bai. Baina oztopoak ezartzen ahalegindu izan dira. Jadanik aldi batez atxilotu ninduten 2003an, eta Hego Euskal Herrian lan egiteko trabak ezarri nahi izan zizkidaten.
14
Presoen zenbaki madarikatua
Parisko auzitegiko 14. atal antiterrorista desegitea eskatzeko kanpaina hasiko du Askatasunak, azken hilabeteetan legea eta presoen eta atxilotuen egoera gogortu direla salatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu