Prestige petroliontzia Galiziako kostaldean hondoratu eta itsasoa beltzez tindatu zuenetik hamar urte beteko dira azaroaren 13an. Hondamendi ekologikoa ekarri zuen hondoratzea gertatu zela hamar urte joan badira ere, eta horren inguruko epaiketa hastear dela, salatu dute berriro horrelako hondamendirik gertatuz gero gobernuek larrialdirako protokolorik ez dutela «nahiz eta petrolioa eta bestelako salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ontzien zirkulazioa oso handia izan». Nerea Gonzalez eta Carlos Alonso Ekologistak Martxan taldeko kideek egin zuten salaketa, atzo, Bilbon, prentsaurreko batean.
Halaber, ohartarazi zuten petrolioa garraiatzeko krasko bakarreko ontziak erabiltzen dituztela oraindik, nahiz eta 1999an Frantzian Erika ontziak izandako istripuaz geroztik debekatua duten petrolioa eta haren eratorriak halakoetan garraiatzea. Gonzalezek eta Alonsok azaldu dute oraindik ere Prestige-ren petrolio isurketaren eraginak hauteman daitezkeela Kantauriko kostaldean.
Hondamendi ekologikoaren arduradunen kontrako epaiketa hastear dela «arduradun politiko nagusiak» kanpo geratuko direla ere salatu zuten. «Ez dira inputatuen aulkian eseriko», adierazi zuen Gonzalezek, «guk haien izenak eta hitzak gogoratzen baditugu ere, oroimenean galipotak zikinduta jarraitzen dutenak».
Adibiderako aipatu dituzte, besteak beste, Jose Maria Aznar Espainiako orduko presidentea, Mariano Raxoi garai hartako presidenteorde eta egungo presidentea, Miguel Arias Cañete Arrantza ministroa eta Jaume Matas orduko Ingurumen ministroa. «Hamarraldi bat geroago, horietako batzuek zuzendaritza goreneko postuetan jarraitzen dute, nabarmenki, Mariano Raxoi eta Miguel Arias Cañete, beren gain erantzukizun kuotarik, ez eta kosturik ere hartu barik».
«Arduradun nagusiak» ez epaitzearekin batera, epaiketa «berandu» datorrela eta justiziarik ez duela ekarriko uste dute. Delitu ekologikoa inputatuko diete Apostolos Mangouras Prestige-ko kapitainari, ontziko ofizial biri eta Jose Luis Lopez Sors garai hartako Espainiako Merkataritza Ontzidiko zuzendari nagusiari. Epaiketa urriaren 16an hasiko da, Coruñan (Galizia); zazpi hilabete irautea espero dute. 2.000 norbanako, kofradia, erakunde eta talde baino gehiago aurkeztuko dira akusazio gisa. 130 lekukok eta 90 perituk deklaratuko dute, gainera.
Hondakinak
Petroliontzi zaharra bitan apurtu zen 2002ko azaroaren 13an, eta 77.000 petrolio tona askatu zituen Galiziako kostaldean. Asturias, Kantabria eta Euskal Herri aldera ere heldu zen isurketa. Kutsadura handia eragin eta ekosistemetan «kalte kronikoak» sortu zituen.
Hamar urteren ostean, oraindik gauza asko daude argitzeko, Alonsoren iritziz. «Oraindik ez ditugu ezagutzen isurketak ingurumenean izandako eraginak. Ez da jarraipen ikerketarik egin dagoeneko dakigun hori baieztatzeko edo ezeztatzeko: hamar urteren ondoren, galipota geratzen da,eta Prestige-ren marea beltzaren kalteak ikus daitezke itsas hondoetan», salatu zuen. Jakinarazi zuen, gainera, batutako 90.000 hondakin tonetatik, gutxienez 10.000 tona daudela oraindik ere tratatu gabe Coruñan.
Jakiteko dago ere nolako eragina izan zuten hondakinek marea beltzari aurre egin zioten arrantzaleen eta boluntarioen osasunean ere. 125.000 pertsona baino gehiago aritu ziren lan horretan. Petrolio hondarrak osasunerako kaltegarriak diren arren, pertsona haiei inolako osasun jarraipenik ez zaiela egin salatu zuen Alonsok.
Kalte ekologiko eta pertsonalez gain, diru kalteak zenbatekoak izan diren ere zehaztu gabe dago. «Coruñan 2.300 milioi euroko kalte-ordainak eskatzen ari dira; baina kostua guztira, boluntarioen lana kanpo utzita, 10.000 milioi eurokoa izan dela kalkulatzen da», zehaztu zuten.
Kostaldea garbitzen boluntarioek eginiko lana eskertu zuten Gonzalezek eta Alonsok: «Egun haietan Galiziako kostaldea bete zuen giza mareak biziki erakutsi zuen gure jendarteak oraindik baduela, guztiaren gainetik, elkartasun eta eskuzabaltasun aktibo garrantzitsua, duintasun handia, eta bere burua antolatzeko eta elkarri laguntzeko gaitasun ordainezina».
'Prestige' ontziko petrolioa ez da desagertu hamar urteren ondoren
Hilaren 16an hasiko da epaiketa; Ekologistak Martxan-ek salatu du ez dituztela epaituko «arduradun nagusiak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu