Ingurumena

'Prestige'-ren hondamendi ekologikoaren arduradunak ez dituztela epaituko salatu du Ekologistak Martxan-ek

Azaroaren 13an beteko dira hamar urte ontzia hondoratu eta itsasertzak petrolioz busti zituenetik. Salatu dute gobernuek oraindik ere ez dutela halako hondamendientzako larrialdi protokolorik.

2012ko urriaren 11
18:58
Entzun

Prestige petroliontzia Galiziako kostaldean hondoratu zenetik hamar urte betetzear direla hasiko da inputatuen kontrako epaiketa. Urriaren 16an abiatuko da, A Coruñan (Galizia). Apostolos Mangouras kapitaina, ontziko ofizial bi eta Jose Luis Lopez Sors Espainiako Merkataritza Ontzidiko orduko zuzendari nagusia dira auzipetuak.

Gaur goizean Ekologistak Martxan taldeak Bilbon salatu duenez, arduradun politiko nagusiak, ordea, ez dira auzipetuen aulkian eseriko. Besteak beste, Jose Maria Aznar garai hartako Espainiako presidentea, Mariano Raxoi orduko presidenteorde eta egungo Espainiako presidentea, Miguel Arias Cañete garai hartako eta gaur egungo Arrantza ministroa ez dira epaiketan izango, ez auzipeturik, ezta deklaratzen ere. Epaiketa luzea izatea espero dute, zazpi hilabete ingurukoa.

Ontzia 2002ko azaroaren 13an bitan apurtu zen, eta 77.000 petrolio tona askatu zituen Galiziako kostaldean. Asturias, Kantabria eta Euskal Herri aldera ere heldu zen petrolioa.

Hondamendi ekologikoa gertatu eta hamar urtera, oraindik ere, hondakinak geratzen direla salatu dute Ekologistak Martxan-eko kideek. Horrekin batera, petrolio isurketak ekosistemetan eragin kronikoak sortu dituela ere ohartarazi dute.

Hamar urte igarota ere gobernuek horrelako hondamendien inguruko larrialdi protokolorik ez dutela salatu dute. Halaber, nabarmendu dute 1999an Frantzian Erika ontziaren istripua gertatu eta gero petrolioaren eta horren eratorriak krosko bakarreko ontzietan garraiatzea debekaturik badago ere oraindik erabiltzen direla era horretako itsasontziak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.